Top 14
Biarritzek beharrezkoak zituen lau puntuak batu ahal izan ditu
Zuri-gorriek atzo ere ez zuten partida handi horietakoa egin, baina azkeneko minutuak kenduta, gainerakoetan etxekoak baino dezente gehiago izan ziren, eta merezita irabazi zuten
Jon LEUNDA | BIARRITZ
Orain Biarritzi eskatu behar zaion gauza bakarra garaipenak lortzea da. Ezin zaio ongi jokatzea ere eskatu, dagoen egoeran irabazteak duelako garrantzia, eta atzo horixe egin zuen, lau punturekin etxeratu zen, bere jokoak, beste behin, zalantza ugari utzi zituen arren.
Erasoan, gutxienez, aurrekoetan baino min handiagoa egin zuten, eta hiru entsegu lortu. Aurten erasoko lehen puntu gehigarria gertu izan zuten, baina azkenean garaipen hutsarekin konformatu behar.
Lehen zatian Biarritz nagusi izan zen berdegunean. Auchen atzean kokatu zen, kontraerasora min egiteko asmoarekin, baina Biarritzek bazekien zer gertatuko zen eta ez zuen ezusterik nahi. Gainera, lehenengo lau postuek ihes egitea nahi ez baldin badute puntuak behar dituztenez atzokoan bost punturen bila joan ziren Auchera.
Hogei minutu bete aurretik, Brusquek aitzineratu zituen zuri-gorriak entsegu bati esker. Erasoan jarraitzen zuten, baina atzo jaurtitzaile baten falta nabaritu zuten lapurtarrek, taldeko biak, Yachvili eta Dupuy, min hartuta baitaude. Peyrelongue atzo ez zen batere fin aritu.
Etxekoek ostikoen bidez emaitza murriztea lortu bazuten ere, Augustek lehen zatiko azken jokaldian bigarren entsegua egin zuen eta markagailuko aldea handitu.
Ildo berean
Bigarren zatian gauzak ez ziren gehiegi aldatu. Biarritz nagusi zen, eta nagusitasun hori Vahafolauk baieztatu zuen taldeko hirugarren entsegua lortzean. Oraingoan Peyrelonguek hankarekin asmatu zuen, eta 3-17 jarri zuen markagailuan.
Hortik aurrera etxekoek arrisku gehiago hartu zituzten erasoan, eta zigor bat eta entsegua ere gauzatu egin zituzten. Horrek guztiak, baina, ez zuen inondik ere euskaldunen garaipena arriskuan jartzea lortu, izan ere, atzoko partidan gailendu egin baitziren.
11
17
Aviron Baionakoak oso partida arriskutsua izango du gaur Jean Dauguer zelaian, Peprinya hartuko baitu 17.30etik aitzinera. Kataluniarrak euskaldunak baino postu bat atzerago daude, baina estreineko lauretan sartzeko helburua dute.
Avironek eta Perpinyak Liga hasiera ezberdina egin dute. Zuri-urdinak oso ongi hasi ziren, baina azkeneko partidetan beherantz egin dute apur bat. Hori-gorriek, aldiz, hasiera makala izan bazuten ere, gorantzako bidea hartu dute, eta azkenaldian sasoi puntu nahiko onean ari dira jokatzen. Hala ere, kataluniarrek orain arte ez dute bere maila eman, eta Baionan gaur ere eman gabe jarraitzea espero dute. Avironen helburua arriskuko postuetara gehiegi ez hurbiltzea da, eta horretarako gaur irabaztea oso garrantzitsua izango litzateke. Indar handia emango lieke horrek, eta atzekoei tarte nahiko zabala irabaziko lukete.
Jokalariei dagokionez, Dourthe, Gower, Larretxea eta Peyras osatu egin dira, eta gaur jokatzeko moduan egongo dira. Perpinyak, beste aldetik, bost baja esanguratsu izango ditu gaurko norgehiagokan.
Biarritzi ikaragarri ari zaio kostatzen aurten entseguak egitea eta atzo, denboraldi honetan lehen aldiz, hiru egin zituen, eta bada zerbait. Hala ere, erasoko puntu gehigarria lortu ahal izateko, lau egin behar izaten dira, eta baten faltan geratu ziren bost puntuak poltsikoan hartu eta etxeratzeko.
Atzo garbi geratu zen Biarritzek arazo asko dituela ostikoekin. Taldeko bi jaurtitzailerik onenak, Yachvili eta Dupuy, min hartuta daude, eta haien hutsunea asko nabaritu du talde lapurtarrak. Atzo Peyrelongue aritu zen jaurtiketekin, baina ez zen ongi aritu, eta bat besterik ez zuen sartu.