GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

ilunbeko maletilla

Ehunka bertsolari ezezagunen jauzi ausarta GPuntuaren aparraldian

Erran ohi da euskaldun orok duela barrenean bertsolari bat, belarrira errimak xuxurlatzen dizkiona, mingaina dantzarazten diona habaneren erritmora, paper mutur batean puntu batzuk idaztera bultzatzen duena. Joan den azaroaren 18an hasi eta ondoko lau asteetan egunkari honek egin zuen jokoaren arrakasta ikusita egia izan daitekeela ematen du. 354 maletillak egin diete aurre plazako zezen indartsuei eta guztira 1.500 bertso eta kopla idatzi dituzte.

p004_f01.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

«Amak esan zidan bertsoekin zerikusia zuen txapelketa bat egiten ari zirela. Azkenaldian ez nuen idatzizko ezertan parte hartzen eta animatu egin nintzen. Bertsotan aritzeko ohitura dut, bat-batean egitea nahiago dut, baina idatziz ere ez naiz gaizki moldatzen. GPuntuan ibili gara orain eta hurrengo lehiaketa ez dakit zein izango den. Ea sariketaren batetik deitzen diguten!». Pasai Antxoko Haritz Casabalen solasak dira. Bertze hainbatek bezala, maletilla honek hareazko borobilera salto egin eta aurrez aurre begiratu die zezen sendo ikusgarriei.

«Maialen Lujanbioren bertsoari ez nion erantzun ez zitzaidalako gustatu, baina besteekin, Payarekin, Silveirarekin eta Egañarekin astean hiruzpalau bidali nituen. Finalerako lau sarrera irabazi nituen eta zenbait kamiseta ere lortu nituen», kontatu digu. Pasaitar gazte honi hagitz onak iruditu zaizkio jokoaren planteamendua eta jendearen erantzuna. «Niri neuri gustatu ez zaidana izan da soilik zortziko txikian erantzuteko aukera izatea. Agian batzuk zortziko txikian egiteko gai dira eta ez beste neurri zailago edo luzeago batean. Bertsotan asko ibiltzen garenok, ordea, luzitzeko aukera gehiago izango genuen neurria librea izan balitz», azaldu du.

Plaza freskotasunez, ilusioz, ideia bitxiz eta ausardiaz busti duten maletilla batzuek bazuten elkarren berri lehenagotik; bertze batzuentzat, elkar ezagutzeko bidea izan da jolasa. Haritz Casabalek adierazi digu badirela zenbait parte hartzaile ezagutu nahiko lituzkeenak beren ideiak gustatu zaizkiolako.

Eskoriatzako David Arrieta Kaminerok kontatu du herriko bertze hainbatek ere bertso jokoan parte hartzen zutenez eta elkar ezagutzen dutenez, euren artean komentatzen zutela nola zihoan jolasa. «Lehenengo aldia izateko nahiko ondo joan dela esango nuke, baina gauza denekin bezala, hobetu liteke. Batez ere web orria, ez baitzait erosoa iruditu eta nahiko nahaste izaten baitzen gauzak aurkitzeko», baloratu du.

Rebeka Mayo Artazkoz iruindarra euskara ikasten ari da eta jokoa primeran etorri zaio praktikatzeko. Originala eta polita iruditu zaio, baina ez du ulertzen nola puntuatzen zituzten bertsoak, bere bertsoei beti gutxieneko puntuazioa ematen zieten-eta. Bertso bat egitea anitz kostatzen zaiola eta lagundu egin ziotela aitortu digu. «Hasieran egunero idazten genuen; gero astean bizpahiru aldiz. Puntuazioak ikusi eta adorea galtzen genuen». Zenbakiak zenbaki, gustura egin du Mayok bertsotan eta planteamendua ona izan dela dio. «Gehien gustatu zaidana izan da guztiontzat sariren bat egotea. Horrek beste batean parte hartzeko asko animatzen nau», erran du.

Sentsazioei zenbakiak jartzen

«Sekula ez naiz epaile lanetan aritu eta benetan zaila iruditzen zait bertso bat epaitzea, edo era justuan epaitzea, behintzat. Bertsoek sentsazioak uzten dituzte, eta zaila da sentsazioei zenbakiak jartzea. Nik ideien aldetik zetozen ekarpenak baloratu ditut gehien», azaldu digu Alaia Martin bertsolari oiartzuarrak. Maddalen Arzallus hendaiarrarentzat ere lehenbiziko aldia izan da. Bertsoak zer erraten zuen hartzen zuen kontuan, ea gaiari erantzuten zion, eta teknika ere bai, pixka bat; hankaluze edo hankamotz asko baldin bazituen bertsoa baztertzen zuen.

Egunero-egunero lanak baloratzen aritu diren bertze bi lagunek, Asier Ibaibarriagak eta Aitzol Astigarragak, esperientzia gehiago dute. Lehenbizikoa Bizkaiko Bertsolari Txapelketako epailea da eta Euskal Herriko epaileen arduraduna ere bai; bigarrena, tarteka aritu izan da epaile lanetan.

Bertso bat nola epaitzen duten galdetuta, biek ezberdindu dituzte bat-bateko lana eta idatzizkoa. «Bat-batekoa uneko komunikazio ekintza da. Batez ere bertsolariak zer eta nola esaten duen neurtzen du epaileak -argitu du Astigarragak-. Idatzizkoan, berriz, diskurtsoa, irudiak... landuagoak izan behar dira. Maletillen jokoa, bertsoak idatziz aurkeztu arren, bat-bateko estilotik hurbilago zegoen, aurrekoari erantzutea baitzen gakoa. Orokorrean, bertsolariak zertan asmatu duen neurtzea da epailearen eginbeharra».

«Idatzizkoa patxadaz egina da eta bere horretan epaitu behar da -gaineratu du Ibaibarriagak-. Aurreko bertsoari erantzuten dion begiratu dugu, errima aberatsa duen, goitik behera arrazoitzen duen... nahiz eta zortziko txikiak bere mugak izan».

Epaileen sentipen ona

Laurek itxura ona hartu diote jokoari. Asier Ibaibarriagak hagitz ongi pasatu du. «Egunean 70-80 bertso epaitzea ez da lan makala, batik bat egun aldrebesa badaukazu, baina izan ditudan epaile lagunekin erraz egin dugu. Partaidetza ere handia, anitza izan da; jende ezezaguna ibili da, bertsozalea batik bat. Askoren ahoan egon da maletillaren jokoa; irakurle eta bertsozaleengana iritsi da», adierazi du. Lana egiteko moduari dagokionez, erraza izan dela dio, web gunea bera eta puntuazioak emateko era ere bai. Koplak SMS bidez ere bidal zitezkeen, baina horiek ez dute horren etekin ona eman.

Bertzalde, egun batzuetan jendea nori erantzun ez zekiela ibili zela nabaritu zuen Ibaibarriagak. Iruditzen zaio ez zela garbi azaldu.

Alaia Martinek uste du jokoa sortu zutenek asmatu zutela ideiak jendearengana helarazi nahi zituzten bezala helarazten, eta arrakasta hortik etorri da, bere iritzian. Hasieran, apustu eta esperimentu bitxitzat hartu zuen Martinek lehiaketa baina, behin emaitzak ikusita, interesgarria iruditu zaio, eta normalean ikusten eta entzuten ez diren bertsolari horiek guztiak plazaratzeko txoko polita izan dela uste du. Gustura aritu da.

«Bertso asko jasotzen genituen, baina apurka-apurka epaituz gero, erraz eraman zitekeen lana ito gabe. Batzuetan zaila izan da, bertso on mordoxka batzen ziren egunetan. Alderdi teknikoa baino, edukia landu dute gehiago parte hartzaileek. Ideia polit askoak irakurtzeko aukera izan dugu. Oro har, freskoak, umorezkoak eta ausartak izan dira bertsoak», erran du.

«Oso bertso eta egile onak izan dira tartean, eta batek baino gehiagok kasik egunero izango luke sariren bat», erantsi du Asier Ibaibarriagak. Ausarten artean ausartena Iñigo Dorronsoro ataundarra izan dela nabarmendu du. Ia ehun bertso idatziko zituen.

Maddalen Arzallus eta Aitzol Astigarraga harrituta daude jokoak izan duen jarraipenarekin. Lehen egunetako nobedadea pasatu ondoren jendeak ez zion idazteari utzi eta etengabea izan da bertso zaparrada. Bertsolari ezagunei zuzenean erantzuteko aukeragatik, bertsoak sarean eta egunkarian argitaratuta ikusteagatik, txapelketaren aparraldiagatik, sariengatik... Auskalo zergatik, baina parte hartzea ikaragarria izan da.

Astigarragak proposamen batekin bukatu du balantzea: «Hurrengoari begira (izango da hurrengorik, ezta?) bi sail antolatuko nituzke: bata idatzizkoa, oraingoa bezala; eta bestea kantuzkoa, bertsoak kantatu, grabatu eta audio fitxategi batean bidaltzen dituzten parte hartzaileen saila. Podcast bat eratu daiteke sail honetako bertsoekin. Doinua, ahotsa, kantaera... Elementu berri horiek jokoari bat-batekotasuna eta freskura emango liokete».

20.000 bideo

Bideoak 20.000 aldiz ikusi dira Youtuben, Euskaltuben eta Gara.net-en. Maletilla.gara.net-ek, berriz, 6.000 bisitari izan ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo