«Ez naiz erraz kikiltzen denetarikoa. Lidiarako zezen jaio nintzen nonbait»
Zezena izateko, ez dirudizu oso arriskutsua.
Tira...Askotan arriskua hortaxetik dator: arriskutsu itxurarik ez izatetik.
Zerk lortzen du su sutzea?
Injustiziek orohar. Baina onartzen dut neu ere injusto bihur naitekeela injustizia horiei erantzuten.
Ezkutalekutik ikusi zenuen Illunbeko finala. Non zaude erosoago?
Ezkutalekuan, noski! Baina han ere nerbioak pasatzen dira. «Honakoa esan izan balu!» « Ez du ongi hartu gaia!» eta horrelakoak perpetratzen ematen da arratsaldea. Astelehen goizaldera makina bat nintzen bertsotan, arratsaldeko berotze ariketaren ondoren.
Adineko zezenak zein abantaila ditu hasi berria den txahal gaztearen ondoan?
Txahalak kemena du baina zezen zaharraren eskarmentua falta zaio. Zezen zaharrari berriz, uste ez duela ere adoreak ihes egiten dio.
Adarretatik zintzilik txapela dezente dituzu. Kabitzen al zaizkizu gehiago?
Bi adarrak txapelen pisuak okertu dizkidate, bai. Baina bitxo arraro samarra naiz ni. Igual izango ditut inork uste baino adar gehiago.
Ez dituzu kikildu maletillak. Norbait kikildu al duzu noizbait?
Norbait kikildu izan dut, bai, mihia mihizto bihurtzen zaidan ordu horietan. Baina segituan damutzen naiz gero, eta indar erakustaldi alferrikako eta antzua egin izanaren sensazioa geratzen zait.
Eta zu, zerk kikiltzen zaitu?
Ez naiz erraz kikiltzen denetarikoa. Lidiarako zezen jaio nintzen nonbait. Zigorrarekin hazi egiten naiz. Nahiago dut gau-pasa eginda atera plazara, lo eginda baino.
Amagoia MUJIKA