«Ezkutalekuan ondo egoten da hor egotea zuk aukeratu duzunean»
Sentsazio gogorren adiktu al zara zu ere?
Gero eta azalekoagoa den gizarteak gai transzendental itxurakoak gero eta gehiago eskatzen ditu. Ni ere parte naiz hor.
Tristurak pozak baino gehiago saltzen al du?
Ez bertsolaritzan bakarrik: zineman, literaturan, musikan... begira gaitegia.
Zer da zailagoa, negarra edo barrea eragitea?
Jendeak aurretik duen jarrerak asko esan nahi du horretan. Bertsolariari hau eta hura esan dakioke baina entzuleak ere gogoeta egin dezake bere jarreraz, eskatzen duenaz, sentitu nahi duenaz...
Zer moduz ikusten da final bat ezkutalekutik?
Hor egotea zuk aukeratu duzunean ondo.
Izan al zenuen plazara ateratzeko tentaziorik?
Plaza oso erakargarria zegoen, baina patxada ere gauza ederra da.
Maletillek zu kikiltzea lortu al dute azkenean?
Ezpatak zorroztuta ibili dira batzuk...
Bertsolariak egi gutxi diola esaten dute. Ez dirudi gezurrak esaten trebea zarenik.
Kontua ez da egia edo gezurra. Kantatzen denaren benetakotasuna (zer den «benetakotasuna» eztabaida luzea litzatekeen arren), zure buruarekin eta jendearekin zintzoa izatea... Bertsolaritzan puri-purian dagoen gaia da. Nire buruko bertsolaritzan bai behintzat.
Joango al zinateke Mallorcara maletillaren batekin?
Maletillaren batekin bai.
Eta zezenen batekin joatekotan, zeinekin?
Denak ala inor ez.
Berriz maletillen aurrean jartzeko gogorik bai?
Ti tiriri tiriri titi tiriri...
Amagoia MUJIKA