«Neoprenoa lentejuela eta guzti? Ez, eskerrik asko»
Ondo ausartu dira maletillak zuekin. Akaso ez zarete hain zezenak izango.
Akaso eurak ez dira hain maletillak.
Gipuzkoako bertsolariei bota zenien lehena. Bizkaitik Gipuzkoara begiratuta, zer ikusten da?.
Zezen-ar eta zezen-eme azienda oparoak, torero zorrotzak eta zapi zuria astintzeko beldurrik ez duten zaleak.
«Zezen mekanikoan saiatu eta kito», zioen baten batek. Nondik erortzeko beldurra daukazu zuk?
Zezen mekanikoan beldurrez montatzen denak hobe luke lurrean gelditu.
Ez dirudi beldurra zer den badakizunik.
Dirudi batek mila da-k baino gehiago balio du.
Zuloan adarkada ematen duena al zara?
Hori zuloak erantzun beharko du, adarrak beti egiten baitu zuloa.
Sekula eman dizuten adarkadarik mingarriena kontatzekoa al da?
Aspaldi itxi zitzaidan orbaina.
Berriz gustura jasoko zenukeen adarkada.
Zezen plazatik kanpora hartuko nuke.
Oso zezenduta zabiltza azkenaldian. Bizkaiko txapelean egindako bi zuloetan agertzen zaizkizu adarrak.
Ez dago zezentzen ez den txahal-arrik.
Zezenak zezen, zuk dotore asko egon behar duzu toreroz jantzita.
Neoprenoa lentejuela eta guzti? Ez, eskerrik asko.
Eta, zu, nork toreatzen zaitu errazen?
Ondo ezagutzen nauenak.
Geratzen al zaizu berriz maletillen aurrean jartzeko gogorik?
Noiz da hurrengo zezenketa?.
Amagoia MUJIKA