GARA > Idatzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Zorionak Neskato!

Dagoeneko negu ofizialean gara, udaren azken ofiziala atzean utzita eta hurrengo uda berri ofizialerako pasabidea hasita; azken finean uda da, bere aurreko eta bere atzeko sasoi horiexekin batera, gaurko garapen zer horrek estimutan duen bakarra, negua muturreko abertzaleen munduari dagokio eta, gorria denez. Hortaz, beroa da demokrazia eta hotza intolerantzia, eski-guneetakoa legezko salbuespena izanda. Bejondeiela klima aldaketarekin! Atzo goizeko seiak aldera neguratu gintuzten, bai, ni komunean, papera eskuan, barrena husten nengoela aprobetxatuz. Sekula, santa izanda ere, ez dut nik jakin zer dela kausa sartzen gaituzten negura, solztizioagatik den ala Santo Tomasagatik den; azken honengatik balitz lukainka ederra sartuko ziguten, txistorraz mozorrotuta balitz ere. Ene, ene! Atzo ziotenez oso ondo saldu zen taloa feriotan; gauzak horrela ez ninduke harrituko laster batean taloa burtsan kotizatzen ikusteak; azokatik merkatura tarte txikia baitago batzuen buruan. Tira, Olentzero garaia da oraingoa, leku batzuetan fidantzapean ibili behar badu ere; Olentzero bera ere fidantzapean! Halaxe gizentzen dituzte batzuek euren finantzak. Bai, ikatz dezente egin beharko du horrek mendian kaleko fidantzetan erretzeko. Horra, horra! Sodoma Gomorra! Umeak Olentzerori eskutitza idazteko garaia oraingoa, epaileak erregeari epaia idaztekoa ere, azken honek urte osoa dirauen arren. Hau kolpea! euskaldunoi ordua eguzkiak ezarri, gauez ere, eta hitzordua Madrilek; ordua ipini honek han hemengo hitza ukatzeko. Hauxe belena epaitegietan muntatua dutena! Astoak ere ez dira libratzen!

Belenarena etorri zait burura nonbait El Niñokoa irakurri dudalako. Loteriako kontuaz zela uste izan dut hasieran, baina ez, oker, berriro ere; El Niño eta La Niña gertaeren eragin klimatikoaz zen. Itxura batean hasi berria den negua hotza izango da, La Niñaren urtea delako. Zorionak Neskato! Eta hotza bada, primeran! 2008a gorria izaten lagunduko duelako. Eta loteria aipatu dudala gauza bat behintzat onartu behar diet, positiboan, batere gustuko ez ditudan Gabonetako gabonei: partizipazioak dakartzatela, parte-hartzea guztiz mugatuta badugu ere. Gaitzerdi! Tira! 306 egun besterik ez da falta 2008ko urriak 25 izateko! Portzierto, gogoan ote du inork egun horretakoa? Ajuria Enean? Gora hotza! Eta Zorionak berriro, Neskato!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo