kronika | muxikako industria gunea
«Zentzugabea» bazen ere, inposaketa argiago ikusten da orain, beste aukera bat dagoenean
Busturialdeko zenbait eragilek Muxikako industria gunearen proiektuaren kontrako iritzia adierazi nahi izan dute. Izan ere, egitasmoari akats ugari ikusi diote, ingurumenean eraginak izango lituzke eta nekazaritzarako lurzoruak hartuko lituzke. Azaldu dute, lehen ez zeukala justifikaziorik, baina orain Gernika-Lumoko Udalbatzak Ibarrako industrigunea bultzateko ekimena martxan jarri duenetik, are gutxiago.
GARA
«Urte luze hauetan proiektu bakar bat aurkeztu dute, eta inposatu egin nahi digute». Horrela deskribatu dute EHNE, LAB, ELA, Batasuna, Ekologi Tailerra, Zain Dezagun Urdaibai, Erlezainak eta zerrenda luzea osatzen duten hainbat taldek, eskualde osoan eragin zuzena izango duen proiektua: Muxikan egin nahi duten industria gunea. Kritika guztien gainetik, proiektua eraikitzeko prozedurak aurrera darrai, herriko arau subsidioarioen aldaketaren onarpena aurrera eraman eta gero, eta momentuz, udal agintarien babesa baino ez du jaso.
Krisi latzean da eskualdea. Sindikatuek eta beste hainbat eragilek sarritan salatu dute lanpostu ugariren etengabeko galera eta industria jardueraren desagertzea. Egoera horretan, Muxikan industrigune berri bat eraikitzeko proiektuak, itxuraz behintzat, berri ona badirudi ere, hala izatetik urrun omen dago, eta iritzi hori adierazteko arrazoi ugari eman dute inguruko hainbat eragilek.
Horren haritik, gogoratu dute, joan den udaberrian 2.400 herritarrek, 26 giza eragilek, 13 enpresa batzordek eta sindikatu guztiek, dei zuzena egin ziotela Administrazioari, errealitate horri aurre egiteko neurriak har zitzan, beti ere parametro batzuen barruan.
Garapena bai, baina «orekatua eta autozentratua» izan behar zela aipatu zuten, eta jarduera ekonomiko guztiak jaso behar zituen plan baten araberakoa. Eskualdeko baliabideak aprobetxatzea eskatu zuten, giza aukera guztietan zentratutakoa, eta «orainaldiarekin eta belaunaldi berriekin solidarioa». Horrekin batera, ikerkuntza eta industria eraldaketa sustatzea ere aipatu zuten, lehenengo sektoretik abiatuta. Dibertsifikazioa sustatzea ere beharrezkoa zela nabarmendu zuten.
Sinatu zuten adierazpenean, administrazio publikoetako agintariei zuzendutako beste eskaera argi bat zegoen, «jarrera, berehala, eta goitik behera aldatzeko», hau da, herritarrekin hitz egitea eskatu zuten.
Hala ere, eskaera orokorrari erantzunez, «egin dutena propaganda hutsa da, batez ere hauteskunde aurretik», azaldu dute.
«Gernikako Ibarran industriarako kalifikatuta eta libre egon den 20 hektareako lur azalera, bertan behera utzi dute, ezer egin barik, edo are okerrago, hemen kokatzekoa zen 63 lanpostuko enpresa bati, gutxienez, lekurik ez zegoela esan zion EAJk», jakinarazi dute.
Era berean, Muxikako Udalak proiektua inposatzen jarraitzen duela salatu dute, eta erabili dituzten manerak ere kritikatu dituzte, proiektuaren inguruko azken erabakia «hauteskunde kanpainan, goizeko 8.00etan, jendeari ezer esan barik, eta premiazko bilkura berezi batean» onartu zela esan baitute. Erabaki horren berri, gainera, irailean izan dutela diote, baita Udalak alegazioak gaitzetsi dituela ere.
Alegazioetan azaldu bezala, egitasmoak justifikaziorik ez duela berretsi dute. Nekazaritzak lurzoruak hartzen dituela salatu dute, eta ingurugiroan ere eragin zuzenak ere izango dituela gogorarazi dute. Kontuan hartzekoa da Urdaibaiko Biosferaren Erreserba barruan egingo litzatekeen proiektua dela, ondorioz, Muxikako proiektuak Administrazioak berak ezarritako lege eta aginduak ez dituela betetzen nabarmendu dute.