GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Jose Felix Zamakona eta Mikel Epaltza (*) Euskal Herriko Apaizen Koordinakundea

Bakea justiziatik sortuko da

Euskal Herriko Apaizen Koordinakundea bi fideltasunei leial izaten ahalegindu da: alde batetik bere herriari eta, beste alde batetik, Elizaren baitan, Jesusen mezuari

Hasi zenetik, Euskal Herriko Apaizen Koordinakundea bi fideltasunei leial izaten ahalegindu da: alde batetik bere herriari eta, beste alde batetik, Elizaren barruan, Jesusen mezuari. 2007ko Eguberrietako bezperetan, entzun nahi gaituztenei dei bat egiten diegu: lanean ez etsi, baizik eta behin eta berriz itxaropenari eutsi behar zaio, bakea lortu arte. Eskubide guztietan, hau da, zuzenbidean oinarriturik egon behar da bakea, giza eskubide guztiak onartuak izan daitezen, besteak beste, bizitzaren eskubidea, gizarte eta sozial eskubideak, kultura, hizkuntza eta lanaren eskubideak, alderdikeriarik gabeko justizia...

Hondar aldi honetako bi ekintzek esaten digute ez dugula oraindik bakea lortu: ekintza armatuetan berriki gertatu diren bizitzaren galerak eta 18/98 deitutako epaiketa erraldoiaren zigor izugarriak. Azken honek ere, bizitzaren eta askatasunaren suntsiketa darama. Bietan, ezaguna den Alderdi Politikoen Legean bezala, jasaten ari garen amaigabeko bortizkeriaren espiralak du iturri.

Bake eta askatasunaren iragarle den abendu honetan denok gurekin otoitz egitera gonbidatzen zaituztegu: fededunak bakearen printzea den Jesusekiko sinesmenetik, eta sinestunak ez direnak, adierazten ditugun erabakiak beraien bihotzetan hausnartu eta praktikan gauzatzera.

«Bizitzaren adiskide zaren Jainkoa» (Jdk 11,23), jakin badakigu justiziaren emaitza den bakea denon artean landu eta erdietsi behar dugula. Zuregana jotzen dugu gure itxaropena bizkor dezazun eta adore eman diezaiozun bakea irrikatzen duen horrenbeste ameslari nekaezini.

Anitzetan ohartzen gara oinarrizko hitz horrek berezkoa den esanahia galdu duela. «Bakea aipatzen dutenean, gerra prestatzen dute».

Etorkin anai-arrebak guregana behar duten ogiaren bila etortzen direnean, errukigabeki esplotatu eta etorkizunaren gabeko kaiukoetara bueltatuak suertatzen dira.

Bake horrek zer ezaugarri behar dituen zehaztea dagokien politikoak negoziazio mahaitik haserre bizian altxatzen dira.

Hierarkia erlijiosoak eta beren esku dauden komunikabideak herriak dituen kezka nagusi hauetatik besteratuak daude.

Familian, gizartean eta Elizan dagokien tokia eskatzen duten emakumeei ez zaie kasurik egiten eta, okerrago, aldizka tratu txarrak jasaten dituzte, batzuetan, erailak ere gertatzen dira.

Gazte askok ezin dute etxebizitza duina lortu eta, lan egonkorrik ezean, ezkontza atzeratzera behartuak daude. Geroari irekiak, gure oraina dira gazteak eta ezin zaie etorkizuna itxi.

Euskal Herriak bere hitza esan dezala proposatzen denean, alarma oihuak entzuten dira nonahi. Norbaiti edo, kasu honetan bezala, herri bati bere buruaren jabe izateari ukatzen zaionean -burujabetasuna oinarrizko eskubidea baita-, non gelditzen da demokrazia?

Bai, Aita, astunak dira zailtasun hauek. Hala ere, Belenen jaiotako zure semearen opariaren aurrean, Eguberriko utopia berritzera gonbitea luzatzen dizugu. Isaias profetak dioenez: «otsoa eta bildotsa elkarrekin biziko dira, lehoinabarra eta antxumea elkarren ondoan etzango, zekorra eta lehoikumea batera haziko dira eta haurtxo batek zainduko ditu» (Is 11,6).

Anai-arreba guztiei, Eguberri on. Bakea eta ongia.

(*) Jose Felix Zamakona eta Mikel Epaltzaz gain, Kepa Ezeolazak, Diego Bandek eta Mikel Goenagak ere sinatzen dute idazki hau, Euskal Herriko Apaizen Koordinakundearen izenean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo