Aranzadik, 1936an hildako miliziano baten gorpuzkiak berreskuratu ditu Azkoitian
GARA |
Aranzadi Zientzia Elkarteak, Elgoibar 1936 Elkartearen laguntzarekin, gerratea hasi zenean, 1936an, tropa frankistek Azkoitian hildako miliziano baten gorpuzkiak lurpetik atera ditu. Azkoitiako Madariaga auzunean atera zuten hobitik gorpua, eta oroitzapen ekitaldia ere egin zioten.
Elgoibarko bizilagun baten testigantza zela medio jakin zuen Aranzadi Zientzia Elkarteak Azkoitiako Madariaga auzunean 1936ko irailaren 21ean tropa frankistek hildako miliziano baten gorpuzkiak lurperatuta zeudela. Hala, auzuneko beste hainbat bizilagunekin hitz egin ostean, milizianoaren gorpua zehazki non zegoen jakin zuten.
Testigantzen arabera, aurpegian jaso zuen tiroa milizianoak, eta hiru egun bidean utzita igaro ondoren lurperatu omen zuten.
Aranzadik kokagunean egindako ikerketen bidez, ondorioztatu zuen gorpuzkiak hobitik ateratzea oso zaila izango zela. Izan ere, gorpuzkiak lurperatuta zeuden lur sailean aldaketa ugari jazo baitira hamarkadaotan. Besteren artean, zabortegi gisa erabilia izan da lursail hori, eta isurkin toxikoak ere jaso ditu urteotan.
Ekitaldi xumea
Gorpuzkiak lurpetik ateratzearekin batera, frankistek hildakoak oroitzeko ekitaldi xume bat egin zuten atzo.
Aranzadi Elkarteko kideez beste, ekitaldian Elgoibarko eta Azkoitiko bizilagunek hartu zuten parte. Gorpuzkiak lupertik ateratzea, Aranzadiren laguntzaz, Elgoibar 1936 elkarteak egin zuen.