Saskibaloia ACB Liga
Goialdean sendotzearen bila ari dira euskal taldeak etxean
Pamesa La Casillan arituko da eta Grupo Capitol Tau Baskoniaren aurka
GARA | BILBO
Iurbentia Bilbao Basket eta Tau Baskoniak ACB Ligako sailkapeneko goialdean sendotzeko aukera bikaina dute gaurko neurketetan. Etxean jokatuko dute euskal talde biek: Pamesaren aurka bizkaitarrek eta Grupo Capitol Valladoliden kontra baskonistek.
Etxeko bolada ezinhobeari eutsi nahi dio Txus Vidorretaren taldeak Pamesaren aurka. Hala, eguerdiko 12.30etatik aurrera, beren zaletuei beste poz bat ematen saiatuko dira ligako laugarrenak.
Aurrean ACB Ligako defentsarik onenetakoa aurkituko dute valentziarrengan. Ohi baino erregulartasun handiagoz ari dira jokatzen Fotis Katsikarisek zuzenduriko mutilak, nahiz eta Avdalovicen baja izan denboraldia amaitu arte eta Rebraca erretiratu berri zaien, etengabeko arazo fisikoen erruz.
Bestetik, Iurbentia Bilbao Basketek abenduaren 30ean Barakaldoko Bizkaia Arenan MMT Estudiantesen aurkako partidan, pabilioia betetzeko 700 sarrera baino ez direla falta adierazi du asteon talde bilbotarrak. Azkar ibili beharko dute zaleek sarrerak lortu nahi izatekotan.
Gasteizen, berriz, Tau Baskoniaren garaipena ikusi nahi dute zaleek. Hiru porrot jarraian izan eta gero, Grupo Capitol Valladolidek aurkari egokia dirudi. Arratsaldeko 18.30ean hasiko da Zurbaoko partida; Rakocevic eta Mickealek ezingo dute jokatu, oraindik min hartuta baitaude.