GARA > Idatzia > Kultura

Hogeita bost herrialdetan ikusiko dute «Olentzero eta subilaren lapurreta» animazio filma

Gure etxeetara opariak ekartzen dituen ikazkinaren berri izango dute aurtengo Gabonetan munduko beste txoko askotan. Izan ere, hogeita bost herrialdetan ikusiko da «Olentzero eta subilaren lapurreta».

GARA | BILBO

Arabiar Emierri Batuetan, Argentinan eta Errusian proiektatuko dute, besteak beste, Baleuko ekoiztetxe bizkaitarraren ``Olentzero eta subilaren lapurreta''. Enpresa honek, EITBk eta Barton Films banatzaileak ekoitzitako zintaren emisio eskubideak atzerrian saldu dituzte eta horrek kanpoko telebistetan ikusteko aukera zabaldu du, baita DVDari bide eman ere.

``Olentzero eta subilaren lapurreta'' 2005. urtean estreinatu zuten gurean, euskaraz eta gaztelaniaz. Gabonetan girotua, Olentzero ipurterre eta, aldi berean, maitagarria aurkezten du. Bere astoarekin hitz egiten du eta Anje izeneko ume bat du adiskide. Pirinioetako herri txiki batean bizi da haurra. Eski estazio bat eraiki nahi duen enpresari bat mehatxu bilakatuko da naturarentzat. Ingurumena babesteko beharraz mintzo zaie ikusleei animazio zinta.

Kanpoan ikusiko duten izenburua trilogia baten bigarren zatia da. Baleuko hirugarren filma prestatzen ari da orain ``Olentzero eta oparien ordua'' izenburuarekin. 2008ko Gabonetan estreinatu nahi dute.

Kultura desberdinetako umeengana iristeagatik pozik agertu da egunotan Miguel Gomez-Tejedor Baleukoko ekoizle ejekutiboa. Kalitate tekniko handia duen abentura filma dela nabarmendu du, baita adiskidetasuna eta elkartasunaren alde egiten duen lana dela.

Latinoamerika osoa, Bulgaria, Serbia, Bosnia, Mazedonia, Montenegro, Kosovo, Dubai, Saudi Arabia, Arabiar Emierri Batuak, Errusia, Txekiar Errepublika, Polonia eta Alemanian eskuratu dituzte Juanjo Elordik zuzendutako lana emititzeko eskubideak .

Baleuko 1993. urtean sortu zen eta bere egoitza Durangon du. Orain artean animazioko zazpi pelikula eta fikzioko beste bat egin ditu. Lehena ``Megasonicos'' izan zen eta Goya bat lortu zuen 1998an. ``Betizu eta Urrezko Zintzarria'' sari bera jasotzeko izendatu dute hurrengo ekitaldirako.

ZERRENDA LUZEA

Latinoamerika osoa, Bulgaria, Serbia, Bosnia, Mazedonia, Montenegro, Kosovo, Dubai, Saudi Arabia, Arabiar Emierri Batuak, Errusia, Txekiar Errepublika, Polonia eta Alemanian eskuratu dituzte Juanjo Elordik zuzendutako lana emititzeko eskubideak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo