Top 14
Aviron berriro ere lehen postuetara gerturatu da
Baionarrek partida bikaina egin zuten atzo Perpinya taldearen aurka. Atzean sendo aritu ziren, eta erasoan ere joko ona eginda, lau entsegu egin eta puntu gehigarria eskuratu zuten
PERPINYA 8
Jon LEUNDA | BAIONA
Avironek garrantzi handiko garaipena lortu zuen Perpinyaren aurka, eta sailkapeneko lehen postuetan igaroko ditu Gabonak, jaitsiera postuetaik oso urrun. Atzo, eta nahiz eta aurten ez den denboraldi ona egiten ari, talde handia zuten lapurtarrek aurrean. Irabazteaz gain, lau entsegu ere egin zituzten, eta horrek ematen duen puntu gehigarria eskuratu ahal izan zuten.
Zuri-urdinak gogoz zelairatu ziren, ahalik eta azkarren bideratu nahi baitzuten garaipena, eta hamabigarren minuturako aitzinetik ziren Dourthek lortutako zigor kolpeari esker. Bost minutu geroago tanto bihurtutako entsegu bat ere lortu zuten, eta hogei minutu betetzerako, 10-0 aurretik ziren.
Kanpotarrek zigor bati esker markagailua murriztea lortu zuten, eta Peyrasen erakustaldia hasi zen. Dourthek gauzatu zuen entsegua egin zuen lehen zatia amaitu aurretik, eta 20-3koarekin joan ziren atseden hartzera.
Partida ongi bideratuta zuten euskaldunek, baina bigarren zatian jokoa ez zuten batere jaitsi, eta lehen zatian gertatutakoa errepikatu zen, etxekoak jaun eta jabe, Peyras eta Dourthe protagonista zirela. Lehenengoak beste bi entsegu gauzatu zituen, eta Dourthek, berriz, ostikoekin dena barrura sartzea lortu zuen.
Baionako Aviron erasoan oso ongi aritu zen, baita atzean ere; oso sendo aritu zen, kanpotarrei inongo aukerarik eman gabe. Amaieran ongi merezitako garaipena heldu zen euskaldunentzako, baita bost puntu ere, Gabonak lasai eta patxadaz pasatzeko modukoak.