GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Aizkora Urrezko lehiaketa

Larretxea-Atutxa eta Nazabal-Mugertza II.a final-laurdenak jokatzeko moduan dira

J.L. | DONOSTIA

Larretxea-Atutxa II.ak eta Nazabal-Mugertza II.ak lortu zuten atzo Urrezko Aizkorako final-laurdenak jokatzeko txartela. Lehen bikoak, gainera, jokatu beharrik gabe lortu dute sailkatzea. Mugertza I.aren eta Barberenaren aurka jokatu behar zuten atzo Mutrikun, baina Fausto Mugertzak min hartu du eta atzo ezin izan zen lehiatu. Beraz, lehen jardunaldia galdutzat eman zaie berari eta Barberenari, eta azkenekoa irabazi beharko dute aurrera egiteko.

Nazabal-Mugertza II.ak aparteko arazorik gabe irabazi zuten beren multzoko bigarren ekinaldia ere, eta jadanik multzo horretako lehen postua segurtatu dute, baita final-laurdenetarako txartela ere

Etxarrikoak eta Mutrikukoak, Senosiain anaiak zituzten aurrez aurrez, eta proba bakarra kenduta, gaionontzeko guztiak irabazi zituzten. Olagueko anaiak abiadurakoa bereganatu zuten. Hor bederatzi segundo atera zizkien, baina gainerako guztietan atzetik izan ziren. Halere, alderik gehien laugarren proban galdu zuten. Hor 45 ontzako bat zutik, eta beste bat etzanda erdibitu behar zuten, eta minutu eta erdi galdu zuten.

Azkeneko saio luzera ia dena erabakita heldu ziren, eta Nazabalek eta Mugertzak ez zuten aldeko abantaila alferrik galdu. Etxarrikoak eta Mutrikukoak 20 minutu eta 16 segundotan burutu zituzten lan guztiak. Senoasin anaiek, aldiz, 23 minutu eta 29 segundo behar izan zituzten. Atzo galdu arren, senosiaindarrek oraindik badute aurrera egiteko aukerarik, azkeneko jardunaldia irabazten badute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo