GARA > Idatzia > Kultura

«Bai geografikoki, bai kulturalki, etxetik urrun egon behar zuten»

p046_f02_131x64.jpg

Ander ELORZA, «Munduari mundo» filmaren zuzendaria

«Konichiwa» agurtu gaitu Ander Elorzak Japoniatik GARAra bidali duen mezuan. Urtarrilaren 11 arte izango da han gasteiztarra, bere ikus-entzunezko lanerako zenbait elkarrizketa lotzen. «Munduari mundo» proiektuan buru belarri darrai zuzendari gazteak.

Zine zuzendari senak agintzen du Ander Elortzarengan. Japoniatik Gasteizeraino ailegatu den posta elektronikoak, hala adierazten du: «`Lost in traslation' filman bezala, nire lehen eguna antzekoa izan zen». Hori ez da aitzakia ordea, gaztea Australia eta Japoniara bidali duen egitasmoarekin ezin pozago egoteko. Bere kide eta lagun Jon Urdangarinek, Gasteizera bueltatu behar izan du, lanak behartuta. «Bai, tamalez», onartu du. Hortaz, proiektua bakarrik atera beharko du aurrera datorren hilabetean.

Hiru hilabete pasa dira egitasmoak Australiara eraman zintuztenetik. Zein fasetan zaudete?

Orain arte tajuzko 6 elkarrizketa egin ditugu. Japonian beste hiru ditugu hitzartuta, baina besteren bat ere ager daiteke. Japonian urtarrilaren 11 arte egongo naiz, eta han bidaiari interesgarri asko ezagutzeko aukera dezente izaten da, beraz, ez gaude ezeri itxita. Gero, Australiara bueltatuko naiz hilabetez, hitzartu ditugun beste galdeketa batzuk egitera. Han, Melburnen ikus-entzunezko lanetan diharduen lagun berri batek lagunduko dit elkarrizketak egiten.

Zergatik Australia eta Japonia helmuga?

Herrialdeen aukeraketan erabilitako irizpideak ere nahiko argi geneuzkan hasieratik. Alde batetik, Gasteiztik ahalik eta urrunen behar zuen, bai geografikoki (Australiaren kasuan), bai kulturalki (Japoniaren kasuan). Nahi genuena zera zen, pertsonaia nagusiarentzat erabaki latza izatea bidaia hau egitera ausartzea; bestetik, gauza interesgarriak kontatzeko zituzten bidaiariak erraz aurkitu ahal izatea ere ezinbestekoa zen.

Australiaren kasuan badago backpacker azpikultura sakon bat, eta herrialde osoa dago ongi egokituta bidaiari mota honi gauzak errazteko. Japoniaren kasuan, gero eta ohikoagoa da japoniera ikastera joaten den jendea aurkitzea. Badirudi herri hau poliki-poliki ateak irekitzen ari dela, eta oker ez banago, hurrengo urterako inmigrazio murriztapenak gutxitzen hasiko omen dira. Hemen aurki ditzakegun bidaiariak ezberdinak dira erabat, baina ikuspuntu horri ere eutsi nahi izan diogu.

Kreditua eskatu eta «ametsa» gauzatzeko grinaz abiatu zineten. Norbaitek erakutsi al du dagoeneko zuen filma ekoizteko interesik ?

Egia esan, ez gara oraindik lan horietan hasi. Baina asmoa da urte hasierarekin batera ekoizleengana jo, eta zein interes pizten duen ikusten hastea. Hala ere, honek guztiak ez digu momentuz lorik kentzen. Egiten ari garen lanean nahikoa konfiantza daukagu, eta betidanik sinistu izan dugu harengan .

Filmean ikus daitekeenaren aurrerapen gisa, munduarimundo.com bloga duzue bizi-bizi. Zuen lanak piztu duen interesaren isla da, ezta?

Izugarri pozik gaude blogarekin. Badugu gure artean blogari interesa ematen laguntzen diguten, eta astero idazten duten, 6-7 lagun (batzuk ezagunak, besteak ez). Horretaz gain, bisiten kontrola egiteko aukerara ere badugu, eta jakin badakigu beste jende asko dagoela bloga jarraitzen duena. Honek sekulako poza ematen du. Neure kasuan, behintzat, lehen aldia da blogarekin ari naizena, eta egunetik egunera konturatzen naiz kreazio lanetan ari den edonorentzat sekulako tresna izan daitekeela.

Pasarteak pasarte, kanguru batekin topo egin zenuten. Ene! Zenbaterainoko bitxikeriak erakusten dituen bidaiatzeak...

Bai, kangururen bat ikustea klasiko bat da Australian. Bidaiari askori gertatzen zaion zerbait da. Baina guk berrikuntzaren bat sartu nahi genuen. Australiako kotxe-istripuen munduari eta kanguruaz gain, frigorifiko ate hegalari batekin ere ikusi genuen beste batean. Gure ondotik pasatu zen kamioi batetik frigorifiko baten zati batek ihes egin, eta gure ezkerreko argiaren kontra jo zuen zuzen-zuzen. Ondoren, kamioiaren atzetik hasi ginen, baina alferrik. Ziztu bizian ihes egin zuen eta matrikula hartzeko aukerarik ere ez genuen izan.

J.V.M.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo