GARA > Idatzia > Kultura

Katu botaduna eta Golden Apple Quartet, umorea eta musika

Gure artean dira Golden Apple Quartet eta Kanpingags antzerki taldea aurten ekoitzi duten «Karabas» antzezlan berriarekin. Patxi Barkoren zuzendaritzapean «Katu botaduna» ipuin klasikoaren umorezko bertsio musikala, familia osoari zuzendutako antzezlana da.

p048_f01_98x73.jpg

Itziar PEREZ | IRUÑEA

Urtebete igaro da Golden Apple Quartet taldeak eta Kanpingags antzerki taldeak «Galipotx» izeneko musika ikuskizuna sortu zutenetik. Joli Pascualena, Mikel Antero, David Rosco eta Iker Bengoetxea izan ziren proiektua aurrera eramateko aukeratu zituzten lau antzezleak. «Galipotx»-en ondorengo lana «Karabas» izango da eta antzezle berberak ditu. Oraingo honetan «Katu botaduna» ipuin klasikoaren bertsio komikoa egin dute.

Orain arte, Tolosa, Azpeitia eta Astigarragan euskaraz antzeztu dute eta oso harrera ona izan dute. Datorren igandean, abenduaren 30ean, Iruñeko Gayarre antzokian ikusteko aukera izanen da, baina sarrerak duela denbora dezente agortu ziren. «Etxean antzezteak beti urduritasun puntua ematen dizu, baina gogo handia daukagu Iruñean aritzeko», esan du Bengoetxeak. Ederki pasako dute Gayarrera hurbiltzen diren ume eta heldu guztiek. Iker Bengoetxeak azaldu duen bezala, «umeei zuzendutako lana bada ere, helduek askotan sorpresa handia hartzen dute. Antzezlanak, ezkutuan gelditzen den umorea dauka, bigarren mailan gelditzen dena, Kanpingags eta Golden Apple Quartert-en ukituarekin. Eta, azkenean, gurasoek hori asko eskertzen digute, bai `Galipotx'-en baita `Karabas'-en ere».

Golden Apple Quarteteko kideak ikuskizunean azaltzen ez badira ere, antzezlanean agertzen diren lau bele beltz eta abestietako hainbat ahotsei haien antza hartuko diegu. «Karabas»-eko protagonistek beren maisuek irakatsitako guztia berehala bereganatu dute, antzezle profesionalek bezala.

Kalitatezko antzezlana

Iker Bengoetxearen esanean, «Aurten eskakizunak handitu egin dira, baina gure esperientzia ere handitu egin delako. «Karabas» antzezlanean arlo guztiak landuagoak daude, bai antzezleen aldetik, baita eszenografia, argiak eta musika mailan ere». Aipatutako lau antzezleek ez zuten esperientzia handirik antzerki munduan, musika munduan ibilitakoak baitziren. Proiektua aurrera atera ahal izateko, irakasle ezberdinak izan dituzte: alde batetik, Kanpingags taldeko Patxi Barko izan da antzezleen zuzendaria; bestetik, Loyola Garmendia arduratu da musika zuzendaritzaz; Julia Marinek moldatu du euskarazko bertsioa eta, azkenik, Golden Apple Quartet taldeko kideak hainbeste urtetan ikasitakoa irakasten saiatu dira.

Goldenekoek esan dutenez, «hainbeste urte igaro ondoren musika munduan, jende gazteari aukera emateko gogoa genuen. Eta egungo umeei zuzendutako kalitatezko musikalak egiteko beharra ikusi genuen». Horregatik, ehun pertsona baino gehiago bildu zituen casting-a egin zuten eta bertatik, azkenean, lau aukeratu zituzten. Golden taldekoen eritziz, «umeak izango dira etorkizuneko antzerki ikusleak, horregatik umeak kalitatezko ikuskizun musikalak ikustera ohitzen baditugu, etorkizunean irizpidea izango duen ikuslea hezitzen ariko gara».

Charles Perraultek idatzi zuen ipuinean oinarritutako antzezlan honetan fantasia eta txantxa ez dira faltako. Hori dela eta, Joli Pascualena printzesa kontserbadorea da; Mikel Anterok Karabasen papera jokatzen du, David Rosco errege xelebrea da eta Iker Bengoetxea, aldiz, katu «gorria» da. Narratzailea tukan bat izango da eta bera izango da ipuinaren nondik norakoak azalduko dituena.

KANTEN BERTSIOAK

Antzerkia eta musika uztartzen ditu «Karabas»ek, bertan kanta oso ezagunak entzuteko aukera izanen da, hala nola, Sting, The Beatles edota Tom Jones bezalako artisten abestien euskarazko eta erdarazko bertsioak.

Fitxa

Izenburua: «Karabas».

Lekua: Iruñea (igandea, abenduak 30; eta urtarrilak 2); Noain (urtarrilak 3); Donostia (urtarrilak 19).

Antzezleak: Joli Pascualena, Iker Bengoetxea, Mikel Antero, David Rosco.

Zuzendaria: Patxi Barco.

«Karabas» ikusteko aukera ugari

«Karabas» antzezlana euskaraz pasa den urriaren 13an estreinatu zuten Tolosako Leidor antzokian. Ondoren, azaroan barrena Euskal Herriko herri ezberdinetan ibili dira umeak eta helduak alaitzen, Beasain eta Azpeitian, esate baterako. Iragan den igandean, abenduak 23an, Avilesen antzeztu zuten bere lan berria. Proiektu honekin Euskal Herritik irten diren lehen aldia izanik, jakinmina zuten «Karabas»-eko kideek. Datorren igandean Iruñean gaztelaniaz bi saio eskainiko dituzte eta urtarrilaren 2an Iruñeako gaztetxoek antzezlana euskaraz ikusteko aukera izanen dute baita Noainen urtarrilaren 3an ere.

Nafarroa utzi eta Donostira salto eginen dute, izan ere, urtarrilaren 19an, San Sebastian bezperan, Victoria Eugenian euskaraz eta gaztelaniazko bi saio eskainiko dituzte. Aurrerantzean Gernikan (urtarrilaren 27an), Gasteizen (otsailaren 24ean) edota Santurtzin (martxoaren 30an) izango dira.

I. PEREZ

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo