GARA > Idatzia > Kultura

«Intxaur-hauskailu» berezia eta DVD berri bat Biarrizko Balletarentzat

A.E. | DONOSTIA

Biarritzen joan den asteburuan eskainitako emanaldiaren ondoren, Thierry Malandainek gidatutako balletak Donostiako Victoria Eugenia antzokira eta Iruñeko Baluarte aretora ekarriko du Eguberrietarako prestatu duen proiektu berezia. Biarrizko Balletaren bi konpainiak -«ofiziala» eta gaztea, alegia- elkartu dituzte lehenengo aldiz, eta guztira 26 dantzari bilduko dira agertokian.

Hoffmannen ipuinean oinarritutako «Intxaur-hauskailua»-ren emanaldiak Malandainek berak moldatu duen koreografia du. Donostian bihar eta etzi izango da ikusgai; Iruñean, berriz, urtarrilaren 3 eta 4an.

Bestalde, urtarrilean Biarritzen bertan ospatuko den FIPA jaialdian (Festival International des Programmes Audiovisuels delakoa) «Don Juan» koreografiaren inguruko DVDa aurkeztuko dute. Sonia Paramo-ren eta Patrick Lauze-ren zuzendaritzapean, Gare du Midin joan den azaroan grabatu zuten dokumentala, making-off-a eta beste hainbat bonus dituelarik. Horrez gainera, Baionako Fnac-en eta Biarrizko Le Royal zineman ikusleen aurrean aurkezteko asmoa omen dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo