GARA > Idatzia > Euskal Herria

Espainiar Justiziak «trantsizioa» ez duela egin salatu du Lasagabasterrek

Eusko Alkartasunako diputatu Begoña Lasagabasterrek Zapateroren lehen legegintzaldiak ez duela «espero zen beste eman» adierazi zuen atzo, eta bereziki, Estatu espainiarreko Justizia Administrazioa ez dela «trantsizioa» egiteko gai izan salatu zuen.

p020_f02_148x108.jpg

GARA |

Begoña Lasagabasterrek agur esango dio «momentuz behintzat» politika aktiboari. Lasagabaster hamabi urtez aritu da Espainiako Kongresuan Eusko Alkartasunaren diputatu, eta hamabost urtez izan da alderdi horretako exekutibako kide. Ez da martxoko hauteskundeetara aurkeztuko; eta atzo Jose Luis Rodriguez Zapaterok Espainiar Gobernuan eman dituen azken lau urteak baloratu zituen.

Lasagabasterren iritziz, Zapateroren lehen legegintzaldia «intentsoa eta itxaropen handikoa» izan da, baina «ez du espero zen beste eman». Horren haritik, Estatu espainiarrak Justizia alorrean «arazo larriak» dituela salatu zuen.

Azaldu zuenez, Justizia ez da «trantsizioa» egiteko gai izan, eta «beste garai bateko» politikari eusten dio oraindik. Hori dela-eta, PSOEren Gobernuaren jarrera gaitzetsi zuen, PPk gehiengo absolutua izan zuenenan onartutako hainbat «lege atzerakoi» aldatu ez izanagatik.

Are gehiago, EAko ordezkariaren ustez, «onartezinak» eta «eskandaluak» dira Auzitegi Nazionalak hartutako hainbat erabaki. Kritikatu zuenez, «arlo politikoa nagusitu zaio juridikoari» hainbat sententziatan, eta botere judiziala gainontzeko botereen zereginetan sartu da.

Lurralde antolakuntza ere izan zuen hizpide Lasagabasterrek eta Gernikako Estatutuak oraindik «bete gabe» jarraitzen duela esan zuen. Alde horretatik, «errealitate nazionalei errekonozimendu legala ematea» hurrengo legegintzaldiari begira Estatu espainiarrean konpondu beharreko gaia dela esan zuen.

Negoziazio prozesua

Ibarretxek Euskal Autonomia Erkidegorako proposatutako estatutu berria Espainiar Kongresuak «kontuan hartu gabe» atzera bota izana gaitzetsi zuen, proposamen «demokratiko, legitimo eta legal» bat izanik.

Negoziazio prozesuaz ere aritu zen, eta bukatu izanaren ardura ETAri leporatu zion. «Arazo bat konpondu nahi duenak elkarbizitza errespetatu behar du», adierazi zuen, eta gehitu, erakunde armatuak ez dituela giza eskubideak errespetatzen .

Hala ere, Zapateroren Gobernuari ere «pauso txiki batzuk» ematea falta izan zaiola salatu zuen Lasagabasterrek. Horien artean, euskal preso politikoak Euskal Herrira hurbiltzea, edo erabakitzeko eskubidea errespetatzea aipatu zituen.

ONARTEZINAK

Lasagabasterren ustez, «onartezinak» eta «eskandaluak» izan dira Auzitegi Nazionalak hartutako hainbat erabaki, haietan «alde politikoa juridikoari» nagusitu baitzaio.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo