GARA > Idatzia > Saskibaloia

Iurbentia Bilbao Basket

Koparako txartela Nou Congosten banatuko da

GARA | BILBO

Azken egunetan Iurbentia Bilbao Basketek ACB Ligako burua har dezakeela publiko egin bada ere, pausoz pauso joatea nahiago dute bizkaitarrek. Hala, Manresako Nou Congost pabilioian Koparako txartela patrikaratzeko aurreneko aukera izango dute Txus Vidorretarenek gaueko 21.00etatik aurrera.

«Lidergoa eskuratu dezakegula jakiteak ez gaitu uneotan arduratzen», adierazi zuen atzo eguerdian Txus Vidorretak partida aurreko prentsaurrekoan.

«Egia da, bai, asko pozten gaituela geure burua hedabideetan ikustea, lan ona egiten ari garela agerian uzten baitu horrek. Hala ere, guri axola zaigun gauza bakarra Ricoh Manresaren aurka ere orain arteko dinamika on horri eustea da. Ez da erraza izango, kataluniarrek oso talde ona osatzen dutela erakutsi dute-eta», adierazi zuen.

Astelehenean eta asteartean atseden hartu ondoren, indarrak berrituta itzuli omen dira lanera bilbotarrak. Paco Vazquezek eta Pedja Savovicek arazo fisiko zenbait izan badituzte ere, ez lukete eragozpenik izango gaur gauean jokatzeko.

«Deskantsuaren ondoren, oso ongi, intentsitate handiz egin ditugu azken entrenamenduak», azpimarratu zuen Indautxuko entrenatzaileak.

Arerioa «gustuko»

Ricoh Manresa arerioari buruz galdetuta, berriz, «gustukoa» duela aitortu zuen Vidorretak. Jaume Ponsarnauk gidatu taldeak bikain ekin zion ligari, nahiz eta azken aldian bolada txarrean murgildurik dauden.

Asselin, saskipean erreferentzia dutena, oraintsu arte min hartuta egon da eta Callahan hegalekoa ere ez dabil onenean. Hala, ACB Ligako hamabigarren postuan daude uneotan, bost garaipen eta zortzi porrotekin.

«Gustuko dudan taldea da: balio anitza dauka, hiruko jaurtiketan arriskutsuak dira, eta barruko jokalariek ere gogor ekiten diote. Antolatzaile biak zuzendari onak, eta egoerak okerrera egiten dienean, saskiratzaileak ere badira. Aurkari zaila izango da», esan zuen Vidorretak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo