GARA > Idatzia > Ikusmira

Hitzordua selekzioarekin, ofizialtasun eskaerarekin

Bihar Euskal Herriko futbol selekzioa Kataluniakoarekin lehiatuko da. Euskal futbolzaleentzat hitzordu garrantzitsua da, eta kirolzalea izan ez arren, norbere herriak arlo guztietan inoren mendeko ez den ordezkaritza izatea nahi duen ororentzat ere bai. Selekzioaren izenaren gaineko polemika alde batera utzita, azken aldian jokalarien aurka egindako adierazpenak ez dira izan batere aproposak. Aitzitik, haien jarrera eredugarria da, eta euskal gizartearen nahiaren isla den aldetik, jokalariak herri borondatearen bozeramailerik egokienak bihurtu dira. Euskal gizarteak kirol selekzioen ofizialtasuna aldarrikatu du; beraz, ez da onargarria bihar ofizialtasuna aldarrikatuko duen manifestazioaren bultzatzaileak selekzioaren inguruko desadostasunen erantzule -ez behintzat, erantzule bakar- egitea, adostasuna ez baita alde bateko jarrerarekin bat etortzea. Eta zentzuzkoa da administrazioei gizartearen eskaerak betetzeko exijitzea. Euskal gizarteak ofizialtasuna nahi du eta hura lortze aldera ezinbestekoa da pausoak ematea. Horra adostasuna bilatzeko gunea.

Horregatik positibotzat baino ezin dira jo bai ESAITen, bai Jose Ramon Garairen azken adierazpenak, etorkizunean denak batera joateko eta desadostasunak gainditzeko beharra nabarmendu baitzuten. Izan ere, horixe da aurrera egiteko modurik zentzuzkoena eta eraginkorrena. Euskal gizarteak hala eskatzen duelako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo