Bardeetako bizilagunek ez dute beren lurrean bonbarik nahi, ezta diru trukean ere
Bardeetako bizilagunek bizkor erantzun diote Batzordeko presidente Jose Antonio Gayarreri. Nafarroa osoko instituzioak eta alderdi politikoak tiro-poligonoaren aurka agertu baziren ere, 2001ean poligonoaren erabilera 2008ra arte luzatuko zuen hitzarmena sinatu zuen Bardeetako Batzordeak. Bizilagunak haserre daude datorren urtean iruzurra berritzeko aukera dagoela-eta. 2000. urtean Gobernu espainiarrak «Defentsarako nazio-intereseko gunetzat» jo zuenez, lurrak desjabetzeko arriskuari aurre egiteko eskatu diete inguru hartako herrietako hautetsiei, Madrilgo Gobernua erronka horri eustera ausartuko ote litzatekeen zalantzan jarrita. Bardeetako bizilagun horiek, militar espainiarren presentzia jasaten dutenak, Nafarrroako gizartearen gehiengoak errefusatzen duenaren kontra agertu dira, beren lurra gerrarako prestaketak egiteko erabiltzearen kontra, hain zuzen. Eta ez dute onartzen eztabaida hori diru kontuetara desbideratzea, Madrilen interesen mendeko jokaera baino ez dena zuritu nahian. Adierazgarria da erantzuleak ere seinalatu izana: PSOE eta PSN-PP, Nafarroari dagokionez ika-mikarik bat ere ez duten alderdiak, hain zuzen.