GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Aizkora | Urrezko lehiaketa

Hurrengo faserako bi bikoak zein izango diren argituko da

Lasa-Otaño Olasagasti-Mujikaren aurka neurtuko dira bihar Ibarran, eta Peñagarikano-Arria Txapartegi-Etxebesteren aurka arituko dira etzi

p054_f01_148x116.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Urrezko Aizkorak bi ekinaldi izango ditu datorren asteburu luze honetan. Bihar bertan Ibarran ekinaldiak izango dira, eta etzi, berriz, Asteasun.

Bihar, 12.00etatik aurrera, herriko plazan arituko dira Otaño-Lasa eta Olasagasti-Mujika. Bi bikoteak irabazi beharrean daude, horixe izango baita multzo horretako azkeneko ekinaldia. Azurmendi eta Ugarteburuk jokatutako biak irabazi egin dituzte, beraz, sailkatuta daude final laurdenetarako. Bi aizkolari horiei lagunduko dien bikoa zein den bihar argituko da.

Hasieran, behintzat, Olasagasti eta Mujika dira faborito. Galdutako proba ere doi-doi galdu zuten, eta bihar beraiek aterako dira faborito. Lasa eta Otaño ere ahaleginduko dira, baina ez dute lan samurra izango, Otañorentzat ez baitira une gozoak. Gipuzkoako Txapelketako finalean positibo eman zuen, eta une garratzak dira hauek beretzat. Hala ere, bere auziaren gainean ofizialki ez dagoenez ezer erabakita, erabaki hori heldu bitartean Egur Sport enpresak lanean jarraituko du; baina zigorra ezarriz gero, kanporatu egingo omen du, atzo Luixmari Bengoak, enpresako arduradunak GARAri berretsi zionez.

Beste saioa, etzi izango da Asteasun 16.30etik aurrera, eta hura ere erabakigarria izango da. Arria V.a eta Peñagarikano, Etxebeste eta Txapartegiren aurka neurtuko dira. Errezilgoak eta Beizamakoak irabazten badute multzoko lehenengoak izango dira eta aurrera egingo dute Arrospiderekin eta Aierbe II.arekin batera. Galtzen badute, berriz, hiru jardunaldietako emaitzak begiratu beharko dira, eta orduan erabakiko da zeintzuk diren final laurdenetan sartzen direnak. Hala ere, Peñagarikano eta Arria dira etziko ekinaldia irabazteko faboritoak. Lehen ekinaldia irabazi egin zuten, eta oso biko sendoa osatu dute. Etxebestek eta Txapartegik, bestetik, lehen jardunaldia galdu egin zuten.

Bestetik atzo baieztatu zen hemendik aurrera Aierbe II.ak beteko duela Zubiagaren lekua. Arabako txapelduna Arrospiderekin ari zen bikoa osatzen, eta lehen jardunaldia ere horrela jokatu zuten, baina bigarrengoan ezin izan zuen lehiatu, eta ataundarrak bete zuen bere lekua. Orain, amaiera bitartean berak jarraituko du.

Gazteak

Gazteen Urrezko Aizkora ere abian jarriko da. Etzi Asteasun jokatuko da lehen ekinaldia. Bi multzotan banatuta arituko dira aizkolariak, eta bakoitzetik estreinako biak aurrera egingo dute. Finalerdietan, berriz, gurutzatu egingo dira. Lehen multzoko lehenengoak bigarreneko bigarrengoaren aurka jokatuko du, eta lehen multzoko bigarrengoak, bigarreneko lehenengoaren aurka.

Multzo batean, Mugertza III.a-Alkizalete II.a, Jauregi-Flores II.a eta Kañamares III.a-Rodriguez II.a izango dira. Beste multzoan, berriz, Larretxea lehengusuak, Erasun-Mindegia eta Olano-Saralegi izango dira.

Txapelketari hasiera Asteasun emango zaio, eta parte hartuko duen haizkolarietako bat bertakoa denez, ulertzekoa den moduan, hura izango da etziko ekinaldian bere herritarren artean arituko den horietako bat. Alkizalete II.a, beraz, Mugertzarekin arituko da, eta aurrez aurre Jauregi eta Flores II.a izango dituzte. Mutrikukoa eta Asteasukoa dira irabazteko faboritoak. Jauregi arabarra oraindik gutxi plazaratu da, baina ikusi dutenek itxura ona hartu diote. Flores II.a, aldiz, lehen aldiz arituko da lehiaketa batean.

Inaxio Perurenak 290eko angeluzuzena jaso nahi du

Urteko azken hilabete hauetan harri jasotzaileen marka ugari ari gara ikusten. Goenatxo, Irigoien, Urkiola, Otaegi, eta Urdax izan dira azkeneko egun hauetan, eta Inaxio Perurenaren txanda izango da etzi.

Asteasun, Urrezko Aizkorako saioaren barruan, arituko da 23 urteko leitzarra. 290 kiloko angeluzuzena jaso nahi du eta, horretarako, bost minutuko txanda bakarra izango du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo