Udalbiltzak dio nazio instituzioa berrantolatzeko eta indartzeko garaia dela
Udalbiltzako 22 kideren aurkako epaiketa aurki hasiko dela dirudienean, bertako presidente, Loren Arkotxak, oztopo guztien gainetik «nazio instituzioa berrantolatzeko eta suspertzeko» borondatea adierazi zuen atzo Donostian egindako prentsaurrekoan.
GARA |
Amaitzear dagoen urtearen balantzea egin zuen atzo Loren Arkotxak, eta etorkizunari begira, Udalbiltzaren aurkako epaiketa «nazio instituzioa indartzeko tresna» bilakatu behar dela nabarmendu zuen Ondarroako alkate ohiak.
Horren haritik, Udalbiltzako presidenteak «zailtasun guztien gainetik, instituzio nazionala indartzeko» borondatea agertu zuen, bere ustez, «nazio instituzioaren berrantolatzea, pizkundea eta suspertzea bultzatzeko garaia» baita. «Udalbiltzak bere burua egokitu behar du Euskal Herriak garai berri honetan dituen behar berriei erantzuteko; gure herriak behar duen lehen erakunde nazional sendo eta iraunkorra izatea bultzatuz, nazio instituzionalaren kimua sendotuz eta gure herria egituratzeari bide emanez», adierazi zuen erakundearen kontrako prozesuan auzipetuta dagoen ordezkari honek.
Hala, nazio instituzioa berrindartzeko asmoz, ekainean «Hego eta Ipar Euskal Herriko hautetsi berriekin nazio batzarra» egingo dela iragarri zuen, eta horretarako Udalbiltzak «herriz herri hautetsiekin harremanak ireki eta horien alderdiekin kontaktuak izaten» jarraituko duela jakinarazi zuen. Bere aburuz, «Euskal Herriak Udalbiltza bezalako nazio erakundea behar du», eta horregatik, «sortutako aukera berriak, gure herriari ukatu izan zaizkion hitza eta erabakia, eta erakunde arloan egituratzeko eskubidea berreskuratzeko eskubidea behar ditugu».
Alde horretatik, Arkotxak «Euskal Herriak bere burua nazio gisa, politika eta erakunde arloan antolatzeko eskubidea» aldarrikatu zuen, eta «itxurazko zailtasunen gainetik», udal hautetsien biltzarrak «lurralde zatiketa gainditzeko eredu politiko administratiboa sortuz eta erabakitzeko eskubidea errespetatuz, gizarteak gatazka behin betiko gainditu eta esparru demokratikoa sortzeko» daukan borondatea berretsi zuen.
«Urte emankorra»
Arkotxaren arabera, oztopoak oztopo 2007 «urte emankorra» izan da. «Urtearen helburu nagusia nazio instituzioaren indartzea zen, eta horretan jardun dugu». Horren haritik, Arkotxak nabarmendu zuen aurten nazio erakundeak Euskal Herria nazioa dela aldarrikatzeko bidean hainbat ekimen aurrera eraman dituela. «EHNAren tramitazioaz gain, kirol eta arlo ezberdinetako naziotasun aldarrikapenean eta lanean bidelagun izan gara. Gainera, EHNA diasporara zabaldu dugu; Mexiko, Argentina Katalunia eta Eskozia esaterako, eta hori gutxi balitz, nazio aldarrikapena Nazio Batuetaraino eraman dugu», gogorarazi zuen udal hautetsien biltzarreko presidenteak.
Era berean, amaitzear dagoen urte honetan Udalbiltzak Euskal Herriaren nazio eraikuntza bultzatzeko «elkar lanerako hainbat akordio» hitzartu dituela nabarmendu zuen, eta bestalde, «EHGKrekin irekitako elkar lanerako bidea» goretsi zuen.
Atzera begira, Loren Arkotxak oroitarazi zuen nazio instituzioaren batzar eratzailetik gaurdaino igaro diren zortzi urte hauek «zailak eta gorabeheratsuak» izan direla, baina, azken batean, «erakunde nazionalari Euskal Herriko esparru politikoan dagokion tokia zehazteko» balio izan dutela nabarmendu nahi izan zuen.
Eskubide zibilen urraketa
Udalbiltzaren aurkako epaiketari dagokionez, nazio erakundeko presidenteak salatu zuen «oinarri juridikorik gabeko epaiketa bat» dela, «herritar ororen eskubide zibil eta politikoak urratu» egiten dituelako. Arkotxaren ustez, Garzonek eta Fiskaltzak aurrera daramaten epaiketa honek «Euskal Herriak bere nazio instituzioak izateko eskubidea urratu, eta herri orok bere burua antolatzeko eta eraikitzeko duen eskubideari eraso egiten dio».
Hala, Arkotxak gogorarazi zuen Udalbiltza «nazio erakunde horien kimu berezia» dela, eta, horregatik, udal hautetsien biltzarrak egindako lanak «zilegitasun osoa» eta «Euskal Herriko hautetsien zein herritarren babesa» merezi duela nabarmendu zuen.
Udalbiltzako presidente Loren Arkotxak nabarmendu zuen nazio erakundeak «bere burua egokitu» behar duela Euskal Herriak garai berri honetan dituen beharrei erantzun ahal izateko.
Era berean, eta Udalbiltza berrindartzeko asmoz, Arkotxak iragarri zuen datorren urteko ekainean erakundeak Nazio Batzarra egingo duela Hego eta Ipar Euskal Herriko hautetsi berri guztiekin.