GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Iñigo Santxo Uriarte ESAITeko kidea

Balinda: Euskal Herria

Izen aldaketaren gaineko iritzi pare bat: batetik txalogarria izan da kirolarien ekimena eskaria artikulatzeagatik, baita Federazioaren erabakia ere, eskaria onartzeagatik; bestetik, erabakiaren zentzu pedagogikoa nabarmendu nahi dut

Gogoan dut ETBn bazela euskararen inguruan eduki pedagogikoko saio bat, «Ezinda, Balinda» titulupean Kike Amonarrizek eta Andoni Egañak bideratzen zutena, eta Miren Azkarateren parte hartzea ere bazuena .

Ume hizkeratik ei datorren aforismo hori positiboa da oso, izan ere, «Balinda»-k, itzulpenik ez omen duen arren, «ezinda, balinda» formulak, balio baitu adierazteko debeku absurdoen aurrean ekin eta ekinez lorpenak eskuratu daitezkeela.

Bizitza laburra bada, kirolarien lehia-bizitza are laburragoa, eta urtetik urtera min handiz ikusten dugu euskal selekzioen alde buru belarri jardun duen kirolari ugarik, beren kirol-erretreta hartzen dutela, gure herriaren selekzio ofizialarekin lehiatzeko aukerarik izan gabe. Beraz, selekzioen gaiak lehentasunezkoa baino gehiago, premiazkoa behar du izan.

Euskal selekzioen gaineko debatean, maiz esan ohi da ofizialtasuna ez dagoela bakarrik gure esku, eta hala da, euskal kirol federazioen ofizialtasuna lortu ahal izateko faktore nagusia kanpokoa baita. Euskal federazioei, nazioarteko federazioetarako sarrera eskatzea dagokie, baina nazioarteko federazioetan, erakunde pribatuak diren heinean, bazkide berriak onartzeko, beren bazkideek dute hitza. Nazioarteko federazioetako bazkideen botoa, sarritan, kirol irizpideetan baino, irizpide politiko edo ekonomikoetan oinarritzen da, sartu nahi duen federazioak zuzen ala zeharka egingo duen «ekarpenarekin», finean, duen «erosteko ahalmenarekin», eta kontuan hartzen badugu kirol federazioak, oro har, ez direla erakunde aberatsak, ezta boteretsuak ere, bere «arrazoien pisua» bere herrialdeko gobernuak ematen dien «babesarekin» neurtzen da. Gure kasuan jakina da Estatu espainol eta frantseseko agintarientzat kirol selekzioen gaia lehen mailako auzia, «estatu auzia» dela, Euskadikoentzat, aldiz, momentuz ez. Madrilgo Gobernuaren aurrekontuak babestu izanak ere ziurtatu egiten du aurreko baieztapena.

Autonomia erkidegoek sortzen dituzten barne legeak, nazioarteko federazioen baitan aldeko iritziak sustatzeko baliagarriak izan badaitezke ere, ofizialtasunaren alde egin ditzaketen adierazpenak mugatuak dira, ezin baitezakete baldintzatu nazioarteko federazioetako bazkideen botoa. Esan bezala, nazioarteko federazioetako bazkideen botoak eskuratu ahal izateko, exekutiboen babes eraginkorra ezinbestekoa da.

Euskadiko zein Nafarroako Kirol Legeek ofizialtasunarekin baino zerikusi handiagoa izan dezakete lurraldetasunaren planteamenduarekin, gure herriaren kirolaren egituratzearekin hain zuzen ere, finean, Hego Euskal Herriko Kirol Federazio nazionalak sortzeko aukerarekin. Aukera hori egingarria izateaz gain, bi autonomia erkidegoetan kirolaren gaineko eskuduntza esklusiboa dagoen aldetik, gure esku ere badago. Beste esparru baten dagoen adibidea argia da: Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioa.

ESAITen planteamendu guztien ardatzak sorreratik beti berdinak izan dira: lurraldetasuna eta ofizialtasuna. Bi kontzeptuok, gure jardueraren zutoinak badira ere, aurrerapauso eraginkorrak lortu ahal izateko, eta gaiak duen premia kontuan hartuta, ez dugu arazorik, ezta konplexurik izan, planteamendu taktikoetan aipatu ardatzen presentzia modulatua onartzeko. Adibidez, 1998an Euskadiko Kirolaren Legeari emandako babesa testuinguru eta era horretan ulertu behar da.

Kirol Legea babesteko arrazoia Euskal Kirol Federazioen Batasunaren definizioan oinarritu zen. Bada, 2002. urtean, gure herriaren testuinguru politikoa -1998koarekin alderatuta- erabat aldatuta zegoenean, Jaurlaritzak dekretuz sortu zuen Euskal Kirol Federazioen Batasuna, eta erabat hautsi zituen 1998an Legeari babesa emateko hitzartutako baldintzak, Federazioen Batasunak lurraldetasunaren gainean izan behar zuen diseinu organikoa, zehazki. Areago, egun, Kirol Saileko Zuzendaritzak Kirolaren Legea eta Federazioen Batasuna baliatzen ditu euste horma gisa, oro har euskal federazioetan ofizialtasunaren aldeko jarduera eta aldarrikapenak fiskalizatu, eta bereziki, ESAITen ekimenak neutralizatu eta ezeztatzeko; Abanto-Zierbena, Mungia eta beste hainbat herritan euskal selekzioen inguruan aurkeztutako kontramozioek agerian utzi duten eran.

Federazio nazionalen aldeko dinamikan herria eragiten segitzen dugun bitartean, Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzari eta Kirol Federazioen Batasunari galdetu behar diegu ea zergatik eragozten dieten euskal federazio desberdinei nazioarteko federazioetan sartzeko eskatzea. Erantzunaren zain gaude.

Amaitzeko, aurtengo lagun-arteko partidarako euskal selekzioaren izenaren aldaketaren gaineko iritzi pare bat: batetik, txalogarria izan da kirolarien eta bereziki futbolarien ekimena eskaria artikulatzeagatik, baita Futbol Federazioaren erabakia ere, eskaria onartzeagatik, ezinezkoa ematen zuen aurrerapausoa eman duelako; bestetik, erabakiaren zentzu pedagogikoa nabarmendu nahi dut, izen aldaketa hau Euskal Herriko gainontzeko kirol-diziplinetarako baliagarria baita.

Aurtengoan beraz, esan dezakegu, Euskal Herria: balinda, ea datorren urtean Euskal Herriko selekzio ofizialak balinda ditzakegun...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo