Floren Aoiz Idazlea
Harri odol paper edo errauts, zure izena idatzi dut
Urte bat badoa, berria hurbiltzen da eta gibelera begiratu eta geroa amesteko parada ikusten dugu. Egoerak, berriz, ez du pozik egoteko betarik eskaintzen. Gure jendartearen ilusioak eta itxaropenak hil nahi dituzte eta bakearen ametsaren ordez, errepresioaren ekaitza dugu gainean. Horrela begiratuta, 2008. urtea aski ilun agertzen da. Errepresioaren soka ez da aise moztuko, eta eraso handiak gertatuko direlakoan nago, ikusten baitut espainiar Estatuak bere krisialdi sakona izkutatzeko beharra duela.
Alta, herrien eskubide eta ilusioak ez dira ukatzen jendea kartzelatuz, ezta jende franko kartzelatuz ere.
Dena den, urte errelebu triste honek ilusioaren ikurra altxatzea eskatzen dit. Horregatik idazki honen izenburua. «Irakurritako orrialde ororen gainean/ Orrialde zuri guzien gainean/ Harri odol paper edo errauts/ Zure izena idatzi dut» dio «Liberté» izeneko poemak, Paul Eluard-ek 1942an idatzitakoak. Ekaitz handi eta gogor baten azpian idatzi zuen Eluardek «Liberté». Zapalkuntza eta erresistentzia garaietan, hots, askatasunaren ilusioak esanahi berezia hartzen zuen une batean. Poema askatasunaren ikur gisa hartu da. Esanguratsua da aliatuek milaka ale hegazkinetatik jaurti izana, erresistentzia bultzatzeko.
Urte aldaketa ekaitz giroan iritsi da: tortura basatiak, atxiloketak, Natividad Junkoren heriotza... Baina aske izateko erabakia hartuta dago, eta ez dago atzera jotzerik. Noiz eta halako uneetan behar da etorkizunaren ametsari eustea. Askatasuna baita ametsik ederrena: «Et par le pouvoir d'un mot/ Je recommence ma vie/ Je suis né pour te connaître/ Pour te nommer/ Liberté»: «Eta hitz baten botereagatik/ Berriz ekiten diot ene bizitzari/ Sortua naiz zu ezagutzeko/ Zu izendatzeko/ Askatasuna».
Ez ziren garai errazak Eluardenak, baina naziak garaituak izan ziren, eta gaur egun erresistentzia eta poema hori askatasunaren ikurrak dira. Ez baitzen amets hutsa izan!
Urte berri on askatasunaren seme-alaba ororendako!