GARA > Idatzia > Txirrindularitza

ZIKLOKROS | Euskal Herriko Txapelketa Bermeon

Secok,Yusek eta Ruiz de Larrinagak txapela nahi dute

Bi gasteiztarrek ibilbide oparoa egin dute orain arte eta bakoitzak sei garaipen lortu ditu; bizkaitarrak, ordea, lau, eta indar guztiak bilduko ditu bihar irabazteko

Unai IRARAGORRI | BILBO

Ziklokrosean asteburua zirraraagarria datorrela ematen du. David Seco, Javier Ruiz de Larrinaga eta Unai Yus Bermeon lehiatuko dira bihar, Euskal Herriko Txapelketan, txapela janzteko asmoz. Hiru euskaldunak sasoian helduko dira eta ez dago faborito nagusirik, Ruiz de Larrinagak azken probak irabazi dituen arren. Bi gasteiztarrek gaur ere, neurtuko dituzte indarrak Itsasondoko lasterketan.

Iazko erorketak Secoren nagusitasuna eten zuen; aurten, Seco bera, Ruiz de Larrinaga eta Yus nor baino nor lehiatu dira eta ikuskizun ederra eskaini dute.

Iaz, Yus nagusitu zen Bermeon, baina aurten hilerriko zirkuitoa erabat aldatu dute, antolatzaileek aurkezpenean azaldu zutenez: ibilbide leuna eta azkarra; lau oztopo eta bi eskailera ere egongo dira. Beraz, parekotasuna izango da oinarria bihar.

Iaz arte, Secok ez zuen aurkaririk Euskal Herriko zelaietan, eta hamar txapelketa jantzi zituen jarraian. Iaz, ordea, hanka hezurra apurtu zuen denboraldi hasieran eta agur esan zion lehiari. Aurten, ibilbideetara itzuli da eta sasoia hartzen ari da, emeki-emeki. Lehengo urteko goi maila berreskuratu ez badu ere, lehiatzeko grina badu eta lau lasterketa irabazi ditu: Penedes, Alginet, Ametzaga eta Astarria. Edonola ere, gogotsu iritsiko da Bermeora eta bi gasteiztarrek lana egin beharko dute bizkaitarra menderatzeko.

Ruiz de Larrinaga sasoikoen helduko da bihar. Azken 20 egunotan bost garaipen erdietsi ditu: Ermua, Ormaiztegi, Zeberio, Solares eta Elorrio. Azaroan Karrantzan nagusitu zen. Hortaz, aukerak ditu iazkoa errepikatu eta txapela berriz janzteko.

Ziur asko, Yusek dena emango du palmaresean ez duen txapelketa hori lortzeko. Orain arte, ibilbide ederra egin du; guztira, sei garaipen poltsikoratu ditu: Candamo, Pobes, Bergara, Colindres, Navia eta Campanar. Indartsu hasi zen, eta hainbat lasterketetan matxurengatik atzeratu delako ezin izan du ospe zabalagoa lortu. Bestetik, Espaniako Kopan gora egin du eta lau puntura du Vazquez liderra.

Elorrioko hizpidea

Hiru horiek, Secok, Ruiz de Larrinagak eta Yusek, iragan igandean izan zuten azken lehia Elorrion. Bertan, Ruiz de Larrinaga gailendu zen; Yus bigarren sailkatu zen, 18 segundora, matxura izan ondoren; eta Seco, bosgarren izan zen, 1.12ra.

23 urtetik beherakoetan, Izagirre gipuzkoarra eta Uriarte bizkaitarra dira faboritoak. Nesketan Mujikak dena du alde.

Ordutegiak honako hauek izango dira: master eta neskak, 9.30; kadeteak eta neskak, 10.30; juniorrak, 12.00; eta elite eta 23 urteko azpikoak, 13.00. Guztira, 10 txapela banatuko dira.

Gaur Yusek eta Ruiz de Larrinagak aurretiazko azterketa izango dute Itsasondon; Secok indarrak gordetzea erabaki du. Lehia nagusia 12.00etan egingo da; juniorrak 11.00etan lehiatuko dira, eta kadeteak 10.00etan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo