EUSKAL HERRIA - CATALUNYA
Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek jarriko dute baloia jokoan
Euskal Herriaren eta Kataluniaren arteko partida 20.30ean hasiko da, baina ofizialtasunaren aldarria goizetik entzun ahal izango da Bilbon, ESAITek antolatutako jai egunari esker. Egitarauaren ekitaldirik garrantzitsuena arratsaldeko manifestazio «historikoa» izango da.
Aritz SORZABAL | BILBO
«Partida garrantzitsua da. Euskal Herriak Estatu gabeko beste nazio baten aurka jokatzen duenez, are eta garrantzitsuagoa. Dena dela, larunbata partidara soilik muga ez dadin, jardunaldi osoko aldarrikapen eguna antolatu dugu. Lakuako Kirol zuzendari Jose Ramon Garaik esan dezala nahi duena, baina gure ustez, aldarrikapen eguna eta partida, guztiz bateragarriak dira. Gainera, ofizialtasunaren alde dagoen, eta futbola maite ez duen jendea ere badago, eta horiei ere aukera eman behar zaie parte hartzeko».
Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeko (ESAIT) kide Endika Guarrotxenaren adierazpenak dira horiek. Hain zuzen ere, ESAITek goizetik Bilboko Areatzean antolatuko dituen ekimenetan parte hartzeko eta arratsaldean La Casillatik abiatuko den manifestaziora joateko deia egin zien euskal herritarrei.
Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek hasiko dute, 11.00etan, aldarrikapen eguna. Hortik aurrera, 20.30ean San Mamesen jokatuko den partidaren aurreko orduetan jai giroa izango da nagusi Bizkaiko hiriburuan. Hori bai, Euskal Herria eta Kataluniaren arteko norgehiagokarekin batera, Bilboko kaleak zeharkatuko dituen manifestazioa izango da eguneko ekitaldi nagusia.
Manifestazioa La Casillatik irtengo da, 17.30ean, «Euskal Herria, nazio bat, selekzio bat» leloarekin. Ekimen hauek guztiak aurkezteko agerraldian, ESAITeko ordezkariek «historikoa» iritzi zioten manifestazioari, eta gaur egungo egoeraren azterketa egin zuten. «Euskal Herriak kirol selekzio propioa izateko eskubidea izan arren, nazioen arteko txapelketa ofizialetan lehiatzeko euskal kirolarien aukera bakarra Espainia eta Frantziako selekzioekin aritzea da. Azken urtean, ukazioaz gain, Euskal Herriak selekzio propioak izateko duen eskubidearen aldarrikapenari berari ere eraso egin diote», azaldu zuten.
ESAITeko lagunek esandakoaren arabera, ukazio eta eraso horien izaera «bikoitza» da. «Batetik, euskal kirolariei beren selekzioarekin aritzeko eskubidea ukatzen zaie; eta bestetik, Euskal Herriari nazioartean ordezkatua izateko eskubidea ere ukatzen zaio. Finean, ekinbide honekin, Euskal Herriaren izatea, existentzia bera, ezabatu egin nahi dute, eta gure uste apalean, ikaragarria eta oso larria izateaz gain, onartezina ere badela deritzogu», salatu zuten.
Egoeraren larritasuna ikusita, euskal herritarrei manifestazioan parte hartzeko deia egin zieten. «Manifestazioa, historikoa izatea nahi dugu, nazio oso baten aldarria bere selekzioen defentsan, hain zuzen. Kirolariei dei berezia egin nahi genizueke, harrobikoetatik hasi, goi mailakoetaraino; manifestazioaren protagonistak zeuek izatea nahi dugulako. Horregatik, manifestazio burua Euskal Herriko hainbat auzo eta herrietako kirolariok osatuko duzue, eta, gainera, zuen kirol taldeen jantziarekin etor zaitezten dei egiten dizuegu», erantsi zuten.
EAE-ANV, EA eta Segiren babesa
EAE-ANVk ESAITek antolatutako ekimenei eta gaueko partidari atxikimendua eman zien. Alderdi abertzaleak gogora ekarri zuenez «93 urte bete dira euskal selekzioaren eta Kataluniaren arteko lehen norgehiagoka jokatu zenetik».
Eusko Alkartasunak ere atxikimendua eman zion manifestazioari, eta leloarekin erabat ados dagoela adierazi zuen. Ofizialtasunaren helburua lortzeko bidean, Euskal Herriko federazioen arteko elkarlana bultzatzeko unea dela aldarrikatu zuen, eta horretarako erakundeei inplikatzeko deia egin zien.
Segik ere bat egin zuen manifestazioarekin. «Konstituzia suntsitu» behar dela esan zuen, Euskal Herriaren «eskubideak ukatzen» dituelako.
11.00
Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek zabalduko dute egitaraua Areatzean. Saioa bukatutakoan, afixak sinatuko dizkiete bertaratutako haurrei.
12.30
Wushu, Kung Fu, Tai Txi eta harri-jasotze erakustaldiak izango dira. Selekzioko futbol jokalariak eta beste kirolariak Areatzean autografoak sinatzen arituko dira.
13.30
Bertso-txotx erraldoia Areatzean. Herri bazkaria egingo da, bertso eta trikitiak girotuta. Txahal errea, taloak, ogitartekoak eta sagardoa dastatzeko aukera egongo da.
15.00
Eguneko lehen musika emanaldiaren txanda izango da. Gozategi musika taldearen kontzertua Areatzean, trikiaren soinuak girotuko ditu behar bezala inguruak.
17.30
Nazio manifestazioa egingo da Bilboko kaleetan. La Casillatik abiatuko da, «Euskal Herria, nazio bat, selekzio bat» leloarekin. Ondoren, ekitaldia egingo dute.
20.30
Euskal Herria eta Kataluniaren arteko partida San Mamesen. Pantaila erraldoia jarriko dute Areatzean. Bertan, Betagarrik eta Tximeletak joko dute partida ostean.