GARA > Idatzia > Editoriala

Aurrekontu publikoak norabide okerrean

Urtetan zehar zerbitzu publikoei buruzko Hego Euskal Herriko administrazioen leloa Estatu espainoleko buru zirela esatea izan da. Halaber, beste lurraldeekin alderatuta, gure artean aberastasunaren banaketa parekideagoa zela. Urteak aurrera egin ahala, ordea, Estatu espainola eredutzat hartzearen poderioz, une honetan nekez defenda daitezke bi baieztapen horiek.

Errealitate horren adibiderik argiena Hego Euskal Herriko lurraldeetan adostu berri diren aurrekontuak dira. «Estatu minimoaren» eta «hazkunde mugagabearen» esakunak ardatz hartuta, azken urteotan zerbitzu publikoen ahultze etengabea ikusi ahal izan dugu. Administrazioak negozioak sustatzeko entitate publikoak ari dira bihurtzen, baina herritarren diruaz bultzatutako hazkunde ekonomiko etengabea ez dator ongizate sozial etengabea lagun duela. Lakuako eta Iruñeko Gobernuen aurrekontuak (bi kasuetan PSOEren laguntzaz) hainbat aldetik begiratuta dira kritikagarriak. Lehenik eta behin, aurrekontuek ez dituzte gizartearen beharrak asetzen, nahiz eta horretarako baliabideak egon badauden. Horrela, datu makroekonomiko distiratsuek errealitate mikroekonomikoak ezkutatzen dituzte. Bazterketa ezkutatzen dutela, alegia. Gainera, nazio ikuspuntutik, ez soilik politikoki eta kulturalki, baizik eta sozioekonomikoki ere esanguratsua den lurralde naturalaren aurka egindako aurrekontuak dira. Lurralde antolakuntza arrotza bere gain hartzearen ondorioz, azpiegiturak bikoiztu egiten dira eta inbertsioen etekin sozialak murriztu.

Halaber, ezkerreko ikuspuntutik, norabide okerrean emandako urratsak dira. Zentzu honetan, alderdi aurrerakoien jarrera ulertezina da. Kanpotik ikusita, bi eremu administratiboetako aurrekontuak antzekoegiak dira bien aurrean posizio kontrajarriei koherentziaz eutsi ahal izateko. Erretorikaz haraindi, EAJren eta UPNren arteko antzekotasunak nabariak dira: biak dira alderdi kontserbadoreak eta, identitate erreferentzia desberdinak defendatu arren, biak dira alderdi hegemoniko «erregionalak». PSOEren posizioa ezaguna da. Baina EAren, IUren eta Aralarren jarrerak ulertzen zailago dira. Izan ere, babes soziala gutxitu, bereizkeria indartu eta ongizatea murrizten duten aurrekontuak baitira, biak ala biak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo