GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hizkuntza politiken porrota salatu du EHBEk

Euskal Herriak Bere Eskola erakundeko hainbat kidek hezkuntza sistema nazionala eratzea eskatu zuten atzo Lakuako Gobernuko Hezkuntza Sailaren aurrean, beren ustez, EAEn, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian aurrera eramaten diren hizkuntza politikak «inuzentekeriak» direlako.

p027_f02_097x088.jpg

GARA |

Euskal Herriak Bere Eskola erakundearen aburuz, EAEn, Nafarroan eta Ipar Euskal Herriko hizkuntza politikak «iruzurrak» baino ez dira, eta horregatik, atzo, Inuzenteen Eguna zela-eta, protesta egin zuten Gasteizko Gobernuko Hezkuntza Sailaren aurrean. Erakundeko hainbat kidek inuzente panpinak jarri zituzten eraikinean, eta hezkuntza sistema nazionala eratzeko eskatu zuten.

EHBEk salatu zuen PISA erakundeak egin duen azterketaren arabera, «azken urteotako politiken ondorioz, Euskal Herriko ikasleen %65ek» ez duela euskara ezagutzen, eta «euskaraz mintzatzen direnen gehienak gazteleraz edo frantsesez hobeki» moldatzen direla aitortu du. Erakunde euskaltzalearen aburuz, datu horrek agerian utzi du «hizkuntza politikek porrot itzela» jasan dutela, eta «euskarari kalte ordainezina eragin».

Horren haritik, gogorarazi zuen, duela hilabete batzuk 100.000 sinadura baino gehiago bildu zituztela «Euskal Herrian lege bakarra eta nazionala» eratzea eskatzeko, baina agintariek, beste behin ere, herritarrak entzuteari muzin egin diotela salatu zuen erakundeak.

«Sinadurak aurkeztu genituenetik iruzurrak baino ez dizkigute saldu agintariek: ingeles-gaztelerako haur eskola eta lehen hezkuntza eskaintza areagotzea Nafarroan, ezer konponduko ez duten institutuak, erakundeak eta dekretuak Euskal Herri osoan, Lan Eskaintza Publiko berrietan irakasle erdaldunentzako lan postuak gordetzea Euskal Autonomia Erkidegoan, Lanbide Heziketa guztiz erdaldunak euskalduntzeko neurririk ez jartzea, ezta unibertsitateak euskalduntzeko neurri egokirik ere», gaitzetsi zuen EHBEk.

Politikak aldatzeko beharra

Hala, erakundeak hizkuntza politika horiek «errotik» aldatzea beharrezkoa dela adierazi zuen. EHBEren ustez, «euskaldunduko duen eskola nahi izanez gero, nahitaezkoa da Euskal Herri osorako hizkuntza politika bakarra zehaztea; batetik, euskararen ofizialtasuna ikastetxeetan bermatuz eta bestetik, hezkuntza sistema nazionalerantz urrats sendoak emanez».

Horretarako, erakundeak ezinbestekotzat jo zuen, besteak beste, «hizkuntza eredu bakarra eta euskalduna eratzea, hezkuntzako langile guztiak euskaldunak izatea eta metodologia parte hartzaileak egokitzea».

107.768 sinadura

EHBEk gogorarazi zuen duela hainbat hilabete erakundeak 107.768 sinadura bildu zituela hezkuntza lege nazionala eskatzeko, baina agintariek «herritarren hitzari muzin» egin ziotela salatu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo