Atom Rhumbak «Amateur Universes» bira agurtuko du etxean
Bai onerako, bai txarrerako, urte gogorra bizi izan du bizkaitar talde paregabeak, eta atseden hartu beharrean da orain. Gaur, lagunen artean agurtuko du bira Atom Rhumbak, Bilboko Kafe Antzokian.
Anartz BILBAO | BILBO
Atom Rhumbaren kontzertu bat gozatzea aski da ezohiko taldea dela ikusteko. Bizkaitarrak seikotea osatu eta Oihuka zigilu gipuzkoarrarekin plazaratu zuten iaz «Amateur Universes» lan bikaina, zuzenekoetan hara eta hona ibili dituena.
1995ean sortua, rock & roll gordina eta arty samarra lantzen dute ingelesez, eta zuzeneko kalipuan garaiezinak dira. Urte gorabeheratsua izan dute Rober!, Jabi, Nacho, Alvaro, Joe eta Iñigo taldekideek, arazoz eta pozez betea.
Rober! dugu taldean hasieratik iraun duen bakarra, kantuen konpositorea eta Atom Rhumbaren arima. Berarekin hitz egin dugu, gaur Bilboko Kafe Antzokian emango duten kontzertu bereziaren berri izateko, honakoa baita Atom Rhumba, egungo seiko taldean eta unerik gorenean ikusteko azken aukera.
Biraren laburpena egiteko eskatu diogu Roberri, eta honela mintzo izan da: «inoiz egin dugun birarik bikainena izan da. Gainera, inoiz baino gehiago jo dugu Euskal Herrian eta erantzun ona jaso dugu. Agian taldea gorantza doalako edo egun Oihukarekin gaudenez irrati publikoaren ateak zabaldu eta taldearen ezaguera handiagoa izan delako. Pentsa, herriko jaietan ere jo izan dugu ¯arrotz zaizkigun arren¯ eta ondo moldatu gara». Egindako lanarekin pozik ageri da Rober!, «baldintzak ere duinak izan direlako. Alta, pena bakarra dugu, atzerrira atera ez izana». Izan ere, musika aldetik urte ona izan dena pertsonalki gogorra egin zaie oso, eta agian taldeari urrutirago joan izana eragotzi dio horrek.
Gaurko kontzerturako Jon Luman argiztatzailea lan berezia prestatzen omen dabil. Jarraitu du esanez, «metal hirukote batek lagunduko gaitu zuzenekoan (Fermin Muguruzarekin jotzen duten tronboi, tronpeta eta saxoa). Kursaalean beraiekin jo genuen eta primerakoa izan zen. Horregatik, kantu batzuk bereziki moldatu ditugu eta aspaldian jo ez dugun kanturen bat ere joko dugu, metalen eraginez», eta gitarra jotzaileak gaineratu duenez, «ohikoa baino luzeago izango da zuzenekoa».
Aurretik Tres Delicias Madrildarrek joko dute. «Oso gustukoak ditugu eta hemendik gutxitan izaten direnez -marciano samarrak baitira-, gurekin jotzera gonbidatu genituen».
Kontzertuaren ostean, rock & roll jaia antolatu dute nahi duenarentzat Guggenheim aurreko Nueva Abadia tabernan, Ronny Rio, Akeitza eta Elvis Caino Dj-ekin.
Atsedenaldia
Atsedenaldia egingo dute gero, urtebetez gutxienez, arnasa hartzeko. Sortu zenetik taldea etengabe aritu da jo eta su, zuzenekoetan edo konposizio lanetan. Azken urtea dena emanda bizi izan dute.
Aurki aita izango da Rober!. Baina berak garrantzia kendu nahi dio horri: «Gainera!. Ez dut aipatzen, aita izanda ere, aurki ikusiko nauzuelako egitasmo berriren batean murgilduta, oholtza gainean».