GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Joseba Leizeaga Irudigilea

Zabor gizartea, gizarte zaborra

Ikuspegi kontsumista honek gure gizartearen gehiegizko kontsumoa dakar. Gehiegizko kontsumoak gehiegizko hondakinen ekoizpena eta honek arazoak. Zabortegiak beteta, berrerabiltzera itzuli ordez, birziklatu egiten dugu

Azkenaldi honetan San Markoko zabortegiaren arazoa, orotara zaborraren ugaltze eroaren arazoa eta arazo hauei aurre egiteko agintariek harturiko erraustegien hedatzeak sortuko dizkigun arazoak direla-eta, zaborraren gaia mahai gainean dugu. Mahai gainean bai, baina inork ez du jaki hau jan nahi. Memoria pitin bat egitea lagungarria izan daiteke egoera honetara nola heldu garen eta bide honetatik nortzuek eraman gaituzten aztertzeko.

Orain 30 urte oraindik ez genuen «erabili eta bota» izeneko mentalitatea ezagutzen, «erabili eta berrerabili» egiten genuen. Gaur plastikozkoak diren ontzi guztiak beirazkoak izaten ziren. Esnea erosteko aurreko botila itzuli behar izaten zen eta esne enpresak botilak bildu, higiene osoz garbitu eta berrerabili egiten zituen. Botila itzultzen ez zuenak botila berria ordaindu behar zuen. Musuzapiak oihalezkoak soilik ziren; erabili ondoren, beste arropa guztiak bezala, garbitu eta erabili egiten ziren, ez genuen klinex kontzepturik ezagutzen, ezta behar ere.

Modernokeriak eta kapitalaren interesek, «erabili eta bota» filosofia ekarri ziguten. Guri erosotasuna salduz, beirazko ontzi asko (lixiba, esnea, ura...) plastikozko ontzi merkeagoez ordezkatu zituztenean, enpresek negozio handia egin zuten, eta guri ziria sartu ziguten. Beraiek negozio handiagoa egiteagatik, guri, herriari, arazo berri bat sortu digute, hor ziria. Itzuli behar ez diren plastikozko ontziak ontzia itzuli beharra ordezkatu zuen, paperezko klinexak oihalezko musuzapia, eta horrelako beste hainbat aldaketa zentzugabek sortzen genuen zabor kopurua biderkatu, berretu dute. Aldaketa hauek, ez ahaztu, gure kontsumoa areagotzeko, errezagoa egiteko eta, ondorioz, etekin handiagoak ateratzeko egin zituzten. Ez zituzten egun pairatzen ditugun ondorioak aintzat hartu. Irabaziak handitzeko ekoizpen katea aldatu beharra zuten. Kontsumo gizartea «pentsatzen dut; beraz, banaiz» maxima «kontsumitzen dut; beraz, banaiz» goiburuaren truke aldatzean ezarri zen.

Ikuspegi kontsumista honek gure gizartearen eta gure inguruaren gehiegizko kontsumoa dakar. Gehiegizko kontsumoak gehiegizko hondakinen ekoizpena sortzen du, eta honek arazoak. Zabortegiak beteta, gaur egun, berrerabiltzera itzuli ordez, birziklatu egiten dugu. Birziklatzen, ordea, berrerabiltzen baino energia handiagoa erabiltzen dugu. Berrerabiltzea bera baino negozio handiagoa da, horretarako enpresa handiagoak antolatzen dituzte, eta zaborra errez energia lortzen badugu, are negozio handiagoa, pentsa.

Testuinguru honetan, ezin dut ulertu nola birziklapenaren gaia oraindik borondatezkoa den, nola ez dagoen arautua, behartua. Atzo, adibidez, bost poltsa zabor zeramatzan tipo bat ikusi nuen, plastikoak, paperak... guztia zaborretara botatzen. Ez dut ulertzen nola ez birziklatzea ez dagoen zigortua. Are gehiago, kaleetako zabor bilguneen egoera lotsagarria iruditzen zait, kezkagarria. Zaborra biltzeko edukiontzi gehiago eta aho handiagokoak, eta ustez bultzatu behar litzatekeen gaikako bilketarako edukiontziak, gutxiago eta aho txikiagokoak. Baina guztietan kezkagarriena zaborraren bilketaz arduratzen den FCC enpresaren jarrera salagarria da. Gauaren lasaitasunean, kartoi edo plastikozko edukiontzietatik kanpo aurkitzen duten guztia, zaborraren kamioia igaro aurretik, sistematikoki zaborraren edukiontzietan sartzen dute, birziklatu beharrekoa zaborrarekin nahastuz, zabortegira bidaliz. Zertarako sailkatzen dugu etxean? Horrela, nola ez dugu zabortegia beteko? Guztia erre nahi izango ez dute, ba, gainera energia sortuz, birziklapena zurikeria, itxura, kosmetika hutsa baino ez denean? Hasierako «erabili eta berrerabili» kulturara itzultzen jakingo al dugu gure kakan ito aurretik?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo