GARA > Idatzia > Mendia

Eskalada «7 pareta, 7 kontinente»

Antartikoak itxi du Poutarren proiektua

«7 pareta 7 kontinente» egitasmoaren azken etapan Three Peggys mendi multzoan eskalatu dute. Zerua Peak erpinean «Azken Paradisua» bidea zabaldu dute: 7a, 90º, M6,600 m.

Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA

Iker eta Eneko Pou anaiek joan den abenduaren 25ean itxi zuten 2003. urtean hasitako «7 pareta 7 kontinente» proiektua. Azken etapak Antartikora eraman zituen, Three Peggys (Hiru Txerritxoak) izeneko mendi multzora hain zuzen ere. Orain arte inork eskalatu gabeko hiru erpin dira, eta gasteiztarrek, haien hitzetan, estetikoena zein erakargarriena hautatu zuten. Hari Zerua Peak deitu diote, eta bigarren ekinaldian bide bat zabaldu dute. Azken Paradisua deitu diote joan den abenduaren 24 eta 25a artean eskalatu zuten marrari. 600 metrokoa da eta ondoko zailtasunekin egin zuten topo: 7a, 90º, M6.

Azken etapa hau, Antartikokoa, berezia izan da oso. Abenduaren lehenbiziko egunekin abiatu ziren. Behin Ushuaian, Poutarrek belaontzia hartu eta hainbat eguneko itsas-ibilaldia egin behar izan zuten Antartikoko penintsulara iristeko. Hornos lurmuturra eta Drake itsasoa igaro behar izan zituzten eta, ohi den legez, ez zen batere erosoa izan. Bai, belaontziko esperientzia ez zen gozoa izan, besteak beste, 5-7 metroko olatuen artean ibili zirelako. Horrez gainera, Herbeheretako ontzi batekin ezustekoa izan zuten, ia gainera etorri baitzitzaien. Azken orduko aldaketak medio, Decepcion uhartera joan ziren; abenduaren 17a zen.

Kanpamentu nagusia altxatu bezain laster, inguruko paretak aztertzeari ekin zioten. Aurre-aurrean Three Peggys izeneko mendi multzoa zuten. Inoiz eskalatu gabeko hiru erpinek osatuta dago. Bat aukeratu zuten, haientzat joko onena ematen zuena. Izenik ez zuenez, Pou anaiek Zerua Peak jarri zioten. Eta denborarik galdu gabe, materiala prestatu eta lehenengo ekinaldia egin zuten.

«Azken Paradisua»

Abenduaren 22a zen. Paretara hurbildu eta eskalatzen hasi ziren. Hasteko, 150 metroko korridore bat gainditu behar izan zuten. Ez zen zaila, maldak ez baitziren oso tenteak. Ondoren, arroka murru bati ekin zioten, baina haren egoera ez zen batere egokia: hotz handia egiten zuen eta pareta izotzez estalia zegoen. Poutarrek saioa bertan behera uztea erabaki zuten. Bi egun geroago, 24an, behin betiko ekinaldia hasi zuten. Kanpamentua itsas mailatik 20 metrora zegoen. 19.30ean irten ziren. Lehenbiziko zatia ezaguna zuten, eta ordubete pasatxoan paretaren sarreran jarri ziren. Aurreko saioan ez bezala, eguraldia hobetzen joan zen. Aurrean 400 metroko horma. Arabarrek adierazi dutenez, kalitate ezberdineko arrokan eskalatu behar izan zuten: «Zati batzuk oso onak ziren, baina, artesirik ez zegoenez, aseguratzeko zailtasun handiak genituen. Zati horiek nahiko arriskutsuak izan ziren. Artesiak zeuden tarteak, berriz, nahiko puskatuak zeuden. Blokeak han eta hemen mugitzen ziren, eta tentsio une gogorrak pasa genituen».

Ondoren, zati nahasi bat zuten. Eta amaitzeko, luze zoragarri bat: «Azken luzea berezia izan zen oso. 60 metrokoa zen eta 70ºko malda zuen. Cerro Torreren tontorrean dagoen elurrezko onddo bat bezalakoa; handik irtetea eta gailurra zapaltzea zirraragarria izan zen». Jaitsiera, berriz, beste alde batetik egin zuten eta, Pou anaiek baieztatu dutenez, eskaladan baino beldur handiago pasa zuten: «Azken 200 metroetan, adibidez, oso gaizki pasa genuen. Rapelak antolatzeko arazo handiak genituen. Guztira, 20 iltze eta fisurero joko bat erabili genituen».

Egunbeteko jarduera izan zen (abenduaren 24ko 19.30etik 25eko 19.30era), horietatik 13 ordu igaro zituzten eskalatzen, eta berriro kanpamentuan ziren. Zabaldutako bideari Azken Paradisua izena jarri diote. Guztira 15 luze egin zituzten, eta gainditu beharreko zailtasun teknikoak ondokoak izan ziren: 7a, 90º, M6, 600 m.

Horrela bada, Antartikoko etaparekin 2003. urtean hasi zuten «7 pareta 7 kontinente» egitasmoa itxi dute. 2003an, Yosemiteko Kapitain horman El niño bidea (8a+/b, 950 m) eskalatu zuten. Urte berean, Urrielluko Haitzean, Zunbeltz bidearen lehenengo igoera askea sinatu zuten: 8b+. 2005ean, Madagaskarren Brave les filles bidea (600 m) egokitu zitzaien. Tsaranoroko pareta hartan askatu gabeko luze bat sinatu zuten, eta 8b proposatu. Totem Pole (7b, 70 m, Tasmania) 2005ean poltsikoratu zuten, eta urte berean Eternal Flame (Trangoko Izenik Gabeko Torrea, Pakistan). Azken bide hori ez zuten era askean igo, baina, horren ordez, aldaera bat zabaldu zuten: Pou brothers (8a). Azken-aurreko etapak Patagoniara eraman zituen. Bigarren bidaian, lehenbizikoan ezin izan zuten Fitz Royko Franco-argentinar bidea igo, Supecanaleta (6c, M5/6, 1.700 m) eskalatu zuten; aurtengo urtarrilean. Eta azken etapa, Antartikokoa izan da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo