GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Inazio Agirre Ezker abertzaleko kidea

Herria da gorputza, hizkuntza bihotza

Hogeita hamar urteko autonomia sakabanatzailearen tranpa eta hizkuntz politikaren porrota ezagutu ondoren, euskal estatu propioa berreraikitzeko garaia da

Egungo Euskal Herriaz gain, Akitania, Kantabria, Errioxa, Burgos, Soria, Huesca eta Lleida ere euskararen lurraldeak ziren orain dela bi mila urte («El Euskera Arcaico. Extensión y parentescos» Luis Nuñez). Harrezkero, euskarak atzeraka egin du bere zabaltze geografikoan, bere hedatze demografikoan eta bere erabilera esparruetan. Baina atzeratze hori ez da txiripaz gertatu. Espainiak eta Frantziak Euskal Herria indarrez menderatu dute. Horren ondorioak dira Nafarroako Estatua deuseztea eta suntsitze nazionala gertatzea. Euskal Herria txikitzeko, kultur homogeneizazioa eragin, hizkuntz asimilazioa bultzatu eta euskal nortasuna desegin dute. XVIII. mendetik aurrera euskararen aurkako errepresioa dokumentatuta ageri da.

Euskal Herria deseskualduntzeko, gaztelaniaren eta frantsesaren lurraldez kanpoko erabilera baztertzaileak inposatu dituzte Euskal Herrian. Asimilazio horren injustizia gainditzeko, orain, alderantzizko norabidean egin behar da prozesua. Euskal Herria euskalduntzeko euskal estatuak euskararen erabilera bere lurraldean berrezartzea lortu behar du, normalizatze prozesua bideratuz. Bide horretan, ezker abertzaleak trantsiziorako proposamena egin du: euskara ofiziala izatea Euskal Herri osoan, euskara hutsezko erabileraz euskaldunak %70etik gora diren udalerrietan eta gizarte eremuetan; gaztelania eta frantsesa koofizial izango dira dagozkien eremuetan. Horretarako, esparru juridiko politiko berria lortu behar da: bi autonomia erabakitzeko eskubidearekin. Euskal Herria euskalduntzeko eta hizkuntz gatazka gainditzeko proposamena.

Proposamen horrek ekarri behar du euskararen erabilera publikoak gaztelaniaren eta frantsesaren erabilerak berregokitzea norberaren, familiaren eta lagunartearen alorretara. Hizkuntz erabileren birbanaketa hori derrigorrezkoa eta proportzionatua da, Euskal Herria euskalduntzeko eta bere garapen iraunkorra bermatzeko. Demokratikoa da: herriak du hitza eta erabakia. Zilegi da: hizkuntz komunitate guztiek dute osotasun betean bizitzeko eskubidea dagozkien lurralde historikoetan.

Horretarako behar-beharrezkoa da Euskal Herri euskaldunaren aldeko indarrak biltzea eta sendotzea. Baina, tamalez, egiaztatu dugu EAJren helburua ez dela Euskal Herria euskalduntzea. Aipagarriak dira, azken aldian, EAEko lehendakariak eta EBBko presidenteak eman dituzten bi adibide:

1-Euroeskualdearen bigarren osoko biltzarrean, Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakaria, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia, Alain Rousset Akitaniako presidentea, Jean Jacques Lasserre Pirinio Atlantikoetako presidentea eta Alain Lamassoure Hautetsien Kontseiluko presidentea Baionan bildu ziren 2007ko abenduan eta lehen lan ildoak zehaztu zituzten. Bileraren ostean, Alain Rousset Akitaniako presidenteak honela esan zuen: «Hizkuntzen arazoa gainditzeko auzoaren hizkuntza ikastetik hasi behar dugu: guk, hemen, gaztelania eta han, frantsesa». Ez euskararen, ez Euskal Herriaren aipurik. Horien asmoa garbi dago, asimilazioaren bidetik jarraitzea, euskara desagertzea eta Euskal Herria desegitea. Baina Ibarretxek ez du hizkuntza nazionalaren posizioa babestu.

2-Urkullu EAJren EBBko presidentea Euskal Herriko selekzioaren aurka agertu da, futbolaren arloan. Urkulluk argi azaldu du EAJren proiektu politikoa ez dela zazpi lurraldez osatutako nazioarena, Euskadi izeneko hiru lurraldetara mugatzen dela.

Azpiratzen duen politikarekiko jendartea zentzu kritikoaz gabeturik, menderatze unibertsala ezartzen da, eta botereak lasai egiten du lo, inor ez baita ametsak egitera ausartzen, eta proposamen demokratiko bat egiten duenak kartzelan bukatzen du.

Hogeita hamar urteko autonomia sakabanatzailearen tranpa eta hizkuntz politikaren porrota ezagutu ondoren, euskal estatu propioa berreraikitzeko garaia da, euskarak behar dituen ofizialtasuna eta politikak izateko. Independentzia behar dugu lan harremanetako esparru propioa edukitzeko, sexu indarkeriaren aurkako lege integralak lantzeko, hezkuntza sistema eraginkorra eta eredu sozial propioa ezkerretik eraikitzeko, ama lurra zaintzeko, herritarren aukera berdintasuna, elkartasuna eta justizia soziala oinarritzat hartzeko, Euskal Herriaren bideragarritasun geoestrategikoa bermatzeko. Herria da gorputza, hizkuntza bihotza.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo