Kopa
Zaila, baina ezinezkoa ez delakoan daude irundarrak
Real Unionek badaki Mestallan Kopako sailkapena lortzea nekeza izango dela, baina valentziarren egoera korapilatsuaz baliatu nahi dute aurrera egiteko
VALENTZIA-R.UNION
Jon LEUNDA | IRUN
Galtzeko ezer ere ez, eta irabazteko askorekin joan da Real Union Valentziara. Jakin badakite kanporaketa hau gainditzea oso zaila egingo zaiela, baina itxaropentsu doaz.
Valentziarrek 1-2 irabazi zuten Irunen. Bidea oraindik ere zailago jartzen dio horrek talde gipuzkoarrari, baina ezusteetarako beti egoten denez tartea, horrekin ere jokatu behar da. Gainera, Valentziaren egoera latza da erabat, eta hala, abantailatxoren bat ere izan lezakete.
Mestallara doazen zaleek, gainera, asko eskatuko diote etxeko taldeari. Izan ere, gauzak dauden bezala, erretxinduta daudenez, gaurkoan bereahala golen bat ikusten ez badute, urduri jarri, eta beren taldearen aurka egiteko ere gai izango bailirateke, eta hortik ere zerbait atera lezakete irundarrek.
Real Union, ordea, bere helburua beteta doa. Lehen Mailako talde handi baten aurka jokatzea zenez lehiaketa hau hasterakoan zuten ametsa, hori lortuta, gustura daude, beti gehiago nahi izan arren. Hala ere, Irungoa beraiek irabazi beharreko partida zen, aurkaria baino gehiago izan ziren-eta, baina kanpotarrek bi jokalditan bi gol egin, eta kanporaketa beren alde jarri zuten.
Jokalariei dagokionez, Koemanek berrikuntza batzuk sartu ditu deialdian. Alde batetik, Hildebrand atezain alemaniarra osatuta dago, eta deialdian sartu du. Litekeena da, gainera, hasierako hamaikakoan egotea. Izan ere, Cañizares baztertu zutenetik jokatzen aritu den Mora ez baita batere fin aritu, ez behintzat, Zaragozan jokatu zuen azkeneko partidan, nahiz eta Hildebrandek ere, jokatu duenean, ez dituen oso partida handiak egin. Badirudi, Valentzia aldean atezain bila dabiltzala. Baina gaur behintzat, lehengoetako bat arituko da, eta ezusteren bat ez baldin bada, alemaniarra izango da.
Deialdian sartu duen beste berrikuntza Villarena da, min hartuta egon dena halaber. Baina aurrelari asturiarra osatu da, eta gaur deialdian izango da, hasieratik arituko ez bada ere. Dena den, partidan zehar ere izango ditu minutuak jokatzeko.
Gaur hamaikakoan izango dena Zigic da. Badiolak esan du bera baldin bada Realeko presidente, Donostian izango dela aurrelari serbiarra. Valentziak, ordea, hori ezeztatzeaz gain, gaur hamaikakoan jarriko du. Azkeneko bi partidetan, gainera, hiru gol egin ditu jokalariak, horietako bi, orain dela bi aste, Irunen.
Real Unionek, bestetik, baja ugari ditu, eta aurrerantzean, berriz, partida garrantzitsuak. Gaur aurrera egitea garrantzitsua izango litzateke, baina zaila daukate. Gero, igandean, Sestao hartuko dute eta hori beste kontu bat izango da. Finean, Liga da irundarren helburua, eta Bigarren Mailara igotzea, berriz ametsa.
Gaurko partidarako, ezusteko baja ere izango da, orain dela astebete Ligan, Ponferradan, gertatu bezalaxe, Abasolo ez baita arituko. Litekeena da berarekin gehiago kontatzerik ez izatea. Jokalari bizkaitarra garrantzitsua izan da Alonsok zuzentzen duen taldearen jokoan, baina justiziarekin arazo potoloak eta itsusiak dituenez, bera gabe jokatzera ohitu egin beharko du talde irundarrak.
Irundarrek 1-2 galdu zuten joaneko partida. Gaur aurrera egin ahal izateko, gutxienez, bi gol sartu beharko dituzte. Beti ere, etxekoek besterik egiten ez badute; hala balitz, hirutik gora egin behar, eta hori zaila izango litzateke.