Urte berrian presoen eskubideak lortzeko mugitzera deitu dute
Etxerat-ek joan den urteko azken egunean presoen egoera larria salatu zuen eta eskubideak behin eta berriz urratuak dituztela gogorarazi. Gaixorik dauden 12 eta zigorra bete duten presoez gainera, isolatuta eta etxetik urrun daudenen egoera azaldu zuen, Donostiako Alderdi Ederren. Urte berrian egoera hori aldatzeko deia egin zuen.
GARA |
Joan den urteak euskal preso politikoen egoerari buruz utzi dituen datuei lazgarri iritziz, Etxerat urteko azken egunean ere kalera atera zen hori salatzeko. «Alarma gorri guztiak piztuta daude», jakinarazi zuten, sakabanaketak senide bat hil berri duela amaitu baita urtea. Pasa den astelehenean Donostiako Alderdi Ederrenbildu ziren 200 lagun. Senideek egoera larri hori gogorarazi zuten eta milaka euskal herritarrek beren senitartekoak bisitatzeko hainbeste kilometro egitera bultzatzen dituen sakabanaketa «hiltzailetzat» jo zuten. Arrisku horri «odoluste ekonomikoa» gehitu behar zaiola gaineratu zuten, eta sakabanaketa eta halako neurrien bidez, senideei «estortsio egiten» zaiela ohartarazi.
Presoei dagokienez, egun kolektiboak pairatzen duen errepresioa nabarmendu nahi izan zuten urteko azken egunean. Oinarrizko eskubideak urratuta dituztela eman zuten aditzera. Gaurko egunean horren adibide latzena larriki gaixorik dauden hamabi presok kartzelan jarraitzea dela nabarmendu zuten. «Muturreko egoeran» izanik, «hainbat kasutan gertatu den bezala, heriotzara eraman ditzakete», ohartarazi zutenez.
Urte berrirako jendarteari deia
Eskubide urraketen beste adibide bat zigorra beteta ere preso jarraitzen duten herritarrena dela oroitarazi zuten Donostian. Kolektiboko hamarnaka lagunek zigorra beteta dute, eta horixe da «Gatza» presoaren kasua: «27 urte, bizitzaren erdia baino, gehiago lau hormetatik haratago pausurik eman gabe daramatza». Presoen aurkako jazarpena gero eta bortitzagoa omen da; «gainerako kideengandik bananduta, egunean 20-22 orduz bakarturik» dituztela salatu zuten, eta jokabide horren helburua «fisikoki, psikologikoki eta politikoki suntsiaraztea» dela. Guzti hau dela-eta, Etxeratek urte berria «sakabanaketaren horma apurtuz hasteko» deia egin zuen. Euren hitzetan, inoiz baino ozenago aditu behar da presoen eskubideen aldeko oihua. Euskal Herriko hainbat tokitan erantzun zaio dei horri. Donostiako Artzai Onean itxialdian segitzen dute, besteak beste, Oihane Errazkinen aitak, Bautista Barandallaren neskalagunak, Gotzone Lopez de Luzuriagaren anaiak eta Txomin Troitiñoren semeak.
Agurainen ehundik gora lagunek parte hartu zuen presoen alde burutu zen zortzi orduko kontzentrazioan. Urteko azken egunean Portal del Rey kalean, eta ordu erdiko txandak antolatuta, hainbat eragilek parte hartu zuen: presoen senideak, irakaskuntza alorrak, tabernariak, euskalgintzakoak, gazte asanbladak, sindikatuak, zinegotziak eta zinegotzi ohiak, ezker abertzalea, saskibaloiko taldeak, Lau Haizetara, gastronomia elkarteak, jaietako koadrilak eta musikariak. 19.00etan, musikari gazte batzuek saioa eskaini zuten, eta kalejiran abiatu ziren Sta. Maria plazaraino. Presoen aldeko brindisa egin zuten.
Zaldibian berriz, Ttirriki Ttarraka taldeak Segoviako kartzelara bidaia antolatu zuen. Han dagoen Juan Mari Olanori elkartasuna eta goxotasuna eskaini nahi izan zioten hainbat herritarrek. Kartzela osoari buelta eman zioten txalapartaren, trikitixaren eta adarraren soinua entzunaraziz, bertso eta animo oihu artean. Hainbat presok jakinarazi zieten isolatutako «euskalduna» zein aldetan zegoen, eta hara hurbilduta, are indartsuago animatu zuten, «hor egonen garela jakin zezan».
Elkarretaratzeak
Hainbat herritan ere urte amaieran bereziki gogoan izan zituzten etxetik urrun daudenak. Ataunen, goizez 50 lagun bildu ziren elkarretaratzean, eta ilunabarrean 100 lagun presoen eskubideen alde kantuan aritu ziren. Bilboko San Inazio auzoan bertako presoak gogoratu eta denentzat amnistia eta askatasuna eskatu zituzten. Bertan eta Lesakan giza-kateak egin ziren.
Elkarretaratzeak ere Euskal Herri osoan izan ziren: Azkoitin 340 lagun, Hernanin 100, Ibarran 112, Lasarten, Zaldibian eta Orion 30, Zumaian 150, Aulestin 57, Bilbon 350, Algortan 52, Eibarren 90, Larrabetzun 62, Sondikan 12, Leitzan 130, Kasedan 35, Iurretan 50, Berrizen 70, Agoitzen 175, Kanpezun 90, Busturian 71 eta Bakaikun 41.
Atzo jakinarazi zutenez, 18/98 sumarioan kartzelaratutako hiru lagun lekuz aldatu dituzte: Xabier Alegria Puerto 3ra, Txente Askasibar Salamancara eta Jose Garcia Mijangos Ocañara. Gaur sumario horretako beste 30 lagun Valdemorotik lekualdatuko omen dituzte.
Joan den abenduaren 28an, Arkaitz Bellon preso elorrioarraren senideek istripua izan zuten Herrera de la Manchako kartzelara bidean. 600 km-ko bidaia egin behar dute, eta joan den egunean Manzanares-en istripua izan zuten amak, izebak eta osabak. Ondorioz, amak zerbikaletako zaintiratua du, eta mina sorbaldan eta lepoan, Donostiako Artzai Onean presoen egoera salatzeko itxialdian daudenek jakinarazi zutenez. Sakabanaketak Eguberrietan eragindako bigarren istripu hau salatu zuten, 2007an guztira 40 gertatu direla eta egoera aldatzeko konpromisoa eskatuz, bereziki, arduradun politiko eta instituzionalei. GARA