Buruz Buruko Munduko Pala Txapelketa
Imanolen sakeak Lujanen indarra aurretik eraman du
Bi ezkertien arteko lehia Imanol Ibañez bilbotarrak irabazi zuen, sakez 13 tanto burutu ondoren. Finala oso berdinduta egon zen partidaren bigarren zatian atzelari bizkaitarrak 0-7ko partziala erdietsi zuen arte
GARA | BILBO
Imanol Ibañez 22 urteko atzelari bilbotarra da buruz buruko munduko pala txapelduna. Aurkari latza izan bazuen ere, bere sake indartsuari esker, Wladimir Lujan kubatarra menperatu zuen 29-35eko emaitzaz. 13 tanto erdietsiz, bizkaitarra ezkertien arteko lehiako garaile izan zen.
Jendez beteta zegoen Bilboko Deportivo, eta izan zuten finalaz gozatzeko paradarik. Neurketa oso berdinduta egon zen, eta bai Lujan, bai Imanol, partidaren buruan makina bat bider txandakatu ziren. Hala, finala nork eskuratuko zuen ez zen azken herenera arte argitu.
Wladimir Lujan 21-19 aurretik zihoan artean, baina Imanolek 0-7ko partziala erdietsi zuen une horretan. Sakez gero eta min handiagoa ematen hasi zen bilbotarra, eta piloteo zenbaitetan zorte apur bat ere izan zuen.
Atzelari kubatarra 25-26 hurbildu zen, baina Imanolek -errestoan aurrera egitea erabaki eta asmatu egin zuena- errestoari esker, sakea berreskuratu eta hiru tanto segidan egin zizkion sakez.
Partida ihes egiten ziola ikusita, Lujanek arriskatu egin zuen hala piloteoan, nola sakean. Hala, 27-30ean ezker horma larregi ukitu zuen pilotak eta kanpora joan zitzaion. Hantxe amaitu ziren kubatarraren aukerak. Imanolek beste bi sake egin zizkion Lujani, eta falta zitzaizkion bi tantoak atzelari gorriaren huts bati eta bi-hormako eder bati esker erdietsi zituen.
2007a Imanol Ibañezen urtea izan da: buruz buruko Munduko txapelketaz gain, Euskadiko eta Munduko binakako txapelketak irabazi eta «Bilbo Hiria» saria ere eskuratu baititu bilbotarrak.