GARA > Idatzia > Musika

Vice Presidentes taldeak «grind-core»-z betetako diskoaz egin du debuta

Neubat gasteiztar taldea hibernazioan dago une honetan eta horregatik bere kideetako bik 2005ean abiarazi zuten eta muturreko «grind-core» estiloari begira dagoen proiektua suspertu dute.

p049_f02_97x77.jpg

Pablo CABEZA | BILBO

Kanda, gitarra eta ahotsa, Dorbu, baxua (biak Sorkun-en talde laguntzailekoak eta Neubateko musikariak) eta Home (hau ere Sorkunen laguntzailea eta Silencio Absoluto eta Herf taldeetako kide izana), bateria, dira Vice Presidentes, «hots jokoa Vice polisemiarekin (Vice Presidentes = Bizioaren Presidenteak). Gure demoa, urrun joan gabe, ron botila baten epelean jaio zen», oharrarazi du Kanda ahots eta gitarra-jotzaileak, eta hirukotea izateak bere abantailak dituela esan du: «Duda gabe, onena da etekinak banatzeko. Funtzionalagoa da mugitzeko orduan ere. Eta, jakina, zenbat eta jende gutxiago izan, orduan eta errazagoa da erabakiak hartzea».

«Basque street boys» da beren lehenengo diskoa, abiaduraren ibilbidean sartu diren hamabi kantu, Vice Presidentes taldekoek duela zenbait urte jarraitzaile ugari izan zituen grind core soinu kartsuaren aldeko hautua egin baitute. «Uste dut Euskal Herrian beti izan dela metalzale asko, oro har, eta muturrekoak, bereziki. Orain bertan indarrez itzuli da. Taldeei dagokienean ere harrobi ona dagoela esango nuke», laburbildu du Kandak.

«Back street boys» ere ez da ezusteko izena, ausaz hartutakoa. «Ez, nondik gatozen oso argi utzi behar genuela uste izan genuen, proiektu honetan ingelesa den arren hizkuntza nagusia. Gainera, harreman paradoxiko oso interesgarria ezarri dugu gu eta jendetzaren gustukoa den poparen artean».

Kandari, bere jaialdia antolatzeko eskatu diogu: «Napalm Death, Converge, Bongzilla... eta Metallica egongo lirateke».

Fitxa

Durango: Bihar, urtarrilak 4, Plateruenan Naizroxa eta Mohorekin batera. 22.30ean.

Getaria: Larunbatean, urtarrilak 5, gaztetxean Naizroxa etaTrigger Travisekin batera (hirurak beren disko berriak aurkezten). 22.30ean.

Hernani: Igandea 6. Bakarkako kontzertua Goizargin. 21.00etan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo