Geure buruak birziklatzen ikusi duen urteari, adio
Disko etxe historikoen itxieraren ondoren, disko etxe txikien sorreraren urtea izan dugu 2007 hau, autoekoizpenen eztandarena izan den bezalaxe. Urte luzez beste disko etxeen babespean lan egin ondoren, eskarmentu handiko hainbat musikarik alternatibak bilatu eta bide berriak asmatzeko nahikoa ausardia dutela erakutsi digute.
Urte latzak izan dira guretzat azken hauek. Galdetu bestela Metak izandako disko etxeko lagunei. Galdetu baita ere gainontzeko disko etxe txiki-ertainetako lankideei zelan ibili diren hilez hil aurrera jotzeko. Igarotako denborak, berriz, afera beste ikuspuntu batetik aztertzeko aukera eskaini digu, eta itxaropenez ikusi nahi dugu orain etorkizuna, besteak beste, jarrera baikor hori izanen ez bagenu, hobe geundekeelako mendian, behiak jezten eta porruak landatzen. Disko etxe historikoen itxieraren ondoren, txikien sorreraren urtea izan dugu 2007 hau, autoekoizpenen eztandarena izan den bezalaxe. Urte luzez beste disko etxeen babespean lan egin ondoren, eskarmentu handiko hainbat musikarik alternatibak bilatzen asmatzeko nahikoa ausardia dutela erakutsi digute. Batzuk aipatze aldera, gogora ditzagun zenbait musikari eta haien disko berriak kaleratu ahal izateko berena sortu dutenak: Joseba Tapia (Zakurraren bibolina) Mixel Ducau eta Caroline Phillips (Bidaia) Lisabo, Anari (Bide Huts), edota Sei urte (Estoldetan). Autogestioan oinarritutako Bonberenea ekoizpenak inoiz baino indartsuago ikusi dugu, kalitatezko disko ederra kaleratu baititu aurten. Hauek autogestio profesionalizatuta asmatu dute, kontraesana onartzen bazaigu.
Ibilbide luzeko disko etxeak musika gestio osoaren kudeaketa bidean daude: argitaletxe huts izatea gaindituta, banatzaile, promotore, manager bihurtu dira. Azken bolada honetan, askotan egin digute ofizio elkarte honetako langileoi kristoren estualdia eragiten zigun milioiko galdera: «Noiz arte iraunen duzue disko etxeek?». Zuen familiaren oinarri ekonomikoa izandako enpresan inoiz denboraldi luzean greban egon badira, jakinen duzue zer sentitzen den egoera ezegonkor horretan. Aurrerantzean, hobe dugu beste hau galdetzea: «Nora goaz?». Bada, irtenbide berri honetara: musikaren kudeaketa integralerantz. 2008an maiz entzunen dugun esamoldea. Diskogintzan, urte bukaera honi zapore gozoa ezarri diona Durangoko Azokaren arrakastaren itzulera izan da. Berriz ere euskal kulturaren aldeko militantziaz mintzatzen hasi da, ameskeria hutsa bada ere. Musikherria edo Baga-Biga tankerako proposamen berriak ere egon dira bertan betiko disko etxeekin batera, haien alternatibak ezagutarazten. Tradizioa eta berrikuntza, bizirik irauteko bide berriak... edozer geldirik egon baino. Gure buruak berrasmatzen iaioak gara.
Blanca IZKUE
Musikagintzako langilea