Disko Berriak Aritz Sound System
Arima zuri-beltzaren etxea
Musika beltzaren garapena ulertzeko ezinbesteko disko etxea da Stax. Beltz eta zurien arteko banaketa legez bultzatzen zen garaian, artista beltz eta zurien arteko elkarlana ahalbidetu zuen, eta emaitza bezala XX. mendeko musikarik zirraragarrienetakoa eman zuen. 1957. urtean zuri batek sortu bazuen ere, beltz afroamerikarren gotorleku izan zen. Blues eta gospel musiken garapenetik sortu berri zen soulak gazte afroamerikarrak zoratzen zituen eta zurien merkatu debekatuan sartzeko ateak zabaldu zituen. Otis Redding izan zen disko etxeko izar nagusia, eta hura hegazkin istripuan hil zenean hasi zen disko etxearen gainbehera. 60ko hamarkadan afroamerikarren aldarrikapenak pil-pilean zeuden, eta aldarrikapen horiek musika bidez zabaltzeko tresna izan zen Stax. Staple Singers edo Johnnie Taylor bezalako abeslariek Martin Luther King eta Jessie Jackson-en mezuak abesti bihurtzen zituzten. Zinema afroamerikarraren sorreran (blaxploitation) ere parte hartu zuen Isaac Hayes-en «Shaft» soinu bandaren bidez. Negozio bezala 1976. urtean egin zuen porrot, eta 30 urte geroago Concord disko etxeak Stax etxea berpiztea erabaki du. Staxeko artisten kantuak berrargitaratzen hasi da (berriro masterizatuta) eta Stax izenarekin disko berriak kaleratzeko asmoa du (Angie Stone edo Isaac Hayes-en disko berriak, adibidez). Aurkezpen bilduma bikoitz honetan disko etxeko kantu esanguratsuenak daude.