GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Txema Landa eta Patxi Azparren Euskaria Fundazioko kideak

Espainiar nazionalismoaren hurrengo saiakera

Paradoxikoa iruditu arren, egun, bide demokratikoetatik independentzia inoiz baino hurbilago dago, mundu berri batean bizi garelako eta inoiz egon ez den multzo kritikoa dagoelako

Espainiar nazionalismoak beti nortasun arazo larriak izan ditu. Gizakiak sortu duen ideologia guztiek bezala nazionalismoak ere birmoldaketa iraunkorrak izaten ditu, eta Espainiakoa ez da salbuespena izan. Neurri handi batean Estatu espainiarrean Napoleonen aurkako gerran sortu zen naziotasun sentimendua. Poliki-poliki historia interpretatzen ez ezik ideologia eklektikoa gorpuzten ere hasi zen.

Kontraesan ugari zituen eraikuntza teoriko horrek; batetik espainiar nazioa Frantziatik ekarritako hainbat kontzeptutan oinarritu nahi zutelako; bestetik «etsaia» zen Frantzia horren aurkakoak ziren ereduekin elikatzen zelako. Gaixotasun horrekin jaio zen espainiar nazionalismoa. Urteek aurrera egin ahala, gaixotasun hura kroniko bihurtu da, bere ezaugarri nagusia izatera iritsi arte.

Nazionalismo gehienek egiten duten moduan (euskal abertzaletasuna ez da libratzen), espainiarrak jarraitu beharreko ereduak eta akatu beharreko etsaiak ukan ditu. Ereduak eta arerioak aldatu dira, baina horietatik jarraibide irmoa eduki du, hots, piel de Tororen baitan dauden ezberdintasun kulturalak ezabatu behar dira. Izan ere, espainiar eta frantziar nazionalismoek arazo handiak izan dituzte euren mugetatik barrura bizirik dirauten kulturak eta desberdintasunak onartzeko.

Azken urte hauetan, arestian aipaturiko gaixotasun kronikoaren adierazgarri garbia ikusi dugu. PSOEk eta PPk ondo islatzen duten espainiar nazionalismoaren izaera bikoitza elkarren beharra duen eskizofrenia, alegia.

PP, X jaunaren gobernuak egindako sarraskiaz baliatuz, gobernura iritsi zen. Aznar Moncloan egon zen urteetan Euskal Herria izan zen gizon honen jomuga. Bi egunkari eta irrati bat itxi, ehunka lagun atxilotu eta alderdi batzuk debekatu zituen. Salbuespen egoera batera eraman nahi izan gintuen, estrategia horren helburu nagusienetarikoa Mayor Oreja Gasteizko Gobernura eramatea zela.

Ezustean, eta prestatu gabe, Rodriguez Zapatero Moncloara heldu zen. Diskurtso eta «talante» berriak bereganatu behar zituen. Soldaduak Iraketik atera zituen (Afganistera gehiago bidali), Katalunian eta Galizian ERCra eta BNGra hurbiltzeko keinua egin zuen, Gasteizko hirukoarekin harremanak normalizatzeko borondatea adierazi zuen, Nafarroa Bairi frankistak Gobernutik botatzeko gozokia erakutsi zion, ETArekin negoziazio politikoari ekin zion. Baina legealdiak aurrera egin ahala, PPrengandik funtsezko edukietan berezitu ezinik, Gonzalezen garaian hain kuttuna izan zuen gotorleku jakobinora itzuli zen.

Agerian geratu zen bake prozesuaren erdian irizpide aldaketa eman zuenean. Aitortu behar da PSOE ez zela izan irizpideak irauli zituen eragile bakarra, ETAk Anoetako aldarrikapena lehertu baitzuen. Baina bistan da PSOE legealdiaren hasieran zabaldutako bidea ixteko irrikan zegoela. ETAk PSOEri bilakaera egiteko erraztasunak eman zizkion eta EAJren ildo jakin batekoek ezinbesteko laguntza eskaini zioten.

Aldaketa jasangarria eta bideragarria zela egiaztatzeko, Nafarroa aukeratu zuten. Espainiar nazionalismoak indar korrelazioan indartsuago dagoen eremua erabili ohi du estrategia politikoa baieztatzeko. Gaizki ateratzen zaienean atzera egiteko, ongi ateratzen zaienean beste eremuetara zabaltzeko. Nafarroa Bairi eta nafar gehienei ziria sartu ondoren, PSOEk UPN-PPri Nafarroako erakunderik garrantzitsuenak eskaini zizkien. «Talante zaharrari» helduz, PSOE Madrilgo hurrengo hauteskundeak irabazteko moduan da. Nafarroan inork sinetsi nahi ez zuena egin eta gero, beste herrialdeetan jokaldi berri bat egiteko prestatzen ari da.

PSOEk ezker abertzalearen ildo nagusia marjinalizazio prozesu batera eraman dezakeela egiaztatu duela uste du. Nafarroako egoerak prozesu hori lorgarria dela froga lezake. Bestalde, Euskal Herri osoari dagokionez, PP ala PSOE guraso bereko anai-arreba bikiak direla egiaztatzeak kalte larririk egiten ez diola ikusi dute

Hurrengo «asaltoa» prest dago. Gure ustez, saiakera berri horren osagarriak, besteak beste, ondoko hauek lirateke: ETAri negoziazio politikoa ukatuko dio, ezker abertzalearen errepresio sutsuari eusten dion bitartean (18/98 sumarioko lagunen kasua paradigmatikoa da), hurrengo legealdian talde honi inoiz iritsiko ez den balizko negoziazio prozesu berri baten amua erakutsiko dio. Bide batez, ezker abertzaleari abertzale mugimenduaren beste korronte batzuekin komunikazioa eragotzi edo debekatuko dizkio. EAJren korronte ezagunari Ibarretxeren burua eskatuko diote, lehendakari berria EAJrena izango dela hitz eman ondoren.

PSOEk badaki oraingo honetan Batasuna, ANV eta beste alderdi batzuk ilegalak izanik, EAJren zerrendaburua Imaz edo Erkoreka izanik, Ibarretxeren bigarren plana zapuztu eta gero, behingoz Gasteizko Legebiltzarrean PPk eta PSOEk Aznarrek eskuratu nahi izan zuen gehiengoa hurbilago izango dutela. EAJk Gasteizen Lehendakaritzari eustea lortuko balu gehiengoa galtzearen truke litzateke eta dagoeneko, Nafarroan lortu duten bezala, Euskal Herria ukatzen duten alderdi politikoek Hego Euskal Herriko beste lurralde hauetan ere agintea hartzeko moduan egongo lirateke. Egoera hagitz konplikatua da, ez dago Euskal Herrian nazio estrategiarik, eta hori lortu ezean ez dago independentzia eskuratzerik. Aldiz, paradoxikoa iruditu arren, egun, bide demokratikoetatik independentzia inoiz baino hurbilago dago, mundu berri batean bizi garelako eta inoiz egon ez den multzo kritikoa dagoelako, bere garaian estatutismoa onartu zuten indar asko burujabetzaren bidea hartzeko prest baitaude.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo