Etxebizitzaren arazoari eta «AHTren inposizioari» aurre egitera deitu du Segik
Ipar Euskal Herrian makina bat ekimen egin ditu Segik «Zuekin etorkizunik ez» kanpainaren barruan, etxebizitza arazoa, espekulazioa eta AHTren inposaketa salatzeko. Erakundearen ustez, klase politikoak turismoan jarri du jomuga. Eraso horiei aurre egitera deitu du gazteria.
GARA |
Segik «Zuekin etorkizunik ez» kanpaina jarri zuen abian joan den urtean, «Euskal Herria eta euskal gazteria suntsitzen duten hainbat arazo eta erantzule» salatzeko. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan makina bat ekimen eta ekintza egin dira azken boladan kanpaina honen harira eta, batez ere, etxebizitza arazoari eta «AHTren inposiziori» erantzuteko.
Gazte erakundearen iritziz, Estatu frantseseko eta Europa iparraldeko jendearentzat «amets» bilakatu da Ipar Euskal Herrian bizitzea, eta bertako «klase politikoak fenomeno hau baliatu eta turismoa garatzea hartu du ildo bezala». Hala, kostaldean luxuzko turismoa eta barnealdean «turimo berdea» esaten zaiona garatu dituztela gogora ekarri du. «Ondorioz, gure lurrak erakargarriak direnez, prezioak etengabe igotzen ari dira», ohartarazi du. Luzera fenomeno honek, Segi gazte erakundearen iritziz, bertako enpresen eta laborantzaren desa- gertzea ekarriko du eta ingurua bizitoki soil bilakatuko du. «Turismotik ateratako dirutik soilik biziko ginateke eta ondorioz gure kulturaren salmentatik», iragarri du.
Horrez gain, Abiadura Handiko Trenaren proiektuak ekarriko dituen kalteak ere ahotan hartu dituzte. «AHTrekin estatu handien interesen araberako proiektua inposatu nahi digute, herriak behar ez duen proiektu bat inposatu nahi digute», azaldu du, eta azpiegitura erraldoi honek herri txiki eta ertainak baztertu eta desegingo dituela gogora ekarri du.
Aipatutako bi arazoak salatzeko hainbat ekimen egin dira azken boladan Lapurdin eta Nafarroa Beherean. Azaroan, esate baterako, higiezinen enpresen jarduna salatzeko ekintzak egin zituzten. Abenduan, banketxeen jokaera salatzeko ere ekimenak egin zituzten, espekulazioaren bidez zenbat irabazi ahal duten kritikatzeko.
Gazte erakundearen esanetan, «antolakuntza eta borroka» dira aipaturiko bi arazoei aurre egiteko «bide bakarrak».
Bestalde, bi hilabete barru Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan egingo diren udal hauteskundeetan boza ematera eta abertzale bozkatzera deitu du gazteria Segik. «Antola zaitezte zuen herri plataformetan hauteskundeak ere borroka eremuak baitira», azaldu du.
Turismoaren sustapenak lurren prezioa igoarazten du. Segiren ustez, bertako enpresak eta laborantza desagertzea eragingo du horrek, eta ondorioz ingurua bizileku soil bilakatuko da.