GARA > Idatzia > Editoriala

Kenia eta Afrikako gatazka «etnikoak»

Adituen ustez, Afrikako Adar Handia -Sudan, Eritrea, Etiopia, Djibouti, Somalia, Kenia eta Uganda barruan hartzen dituen erregioa- munduko zonalderik gatazkatsuena da. Mendebaldeko herritar gehienontzat, ordea, Afrikako Adarra botere esoterikoak dituen animalia baten gorputzaren atala da. Hori, edo beste edozer. Horregatik, Afrikara gerturatzeko gure artean ohikoa den nagusikeriagatik eta ezjakintasunagatik, Keniako gertaerak ulertzeko arazoak ditugu.

Laburbilduz, Kenia gaur egun AEBen aliatu nagusietako bat da zonaldean. Horrek inguruko zenbait talderen eta herrialderen etsai bihurtu du. Adibidez, islamiarrena, 1998an Nairobiko AEBetako enbaxadaren aurka egindako ekintzak adierazten duen bezala. Kikuyu etniako Mwai Kibaki lehendakaria AEBekiko aliantzaren babesle nagusia izan da azken hamarkadan. Baina baita orain arerio duen Raila Odinga ere, Luo etniakoa. 2002an biak kide izan ziren Keniako Gobernuan, baina Odinga Kibakiren erreforma konstituzionalaren aurka azaldu zen eta gobernua utzi zuen. 2005ko erreferendum konstituzionala galdu zuen Kibakik, eta hori herritarren aldaketarako gogoaren seinale gisa ulertu zuen Odingak. Alderdi berria sortu zuen eta oraingoan hauteskundeetara aurkeztu da, aldaketaren beharra aldarrikatuz. Baina, emaitza ofizialen arabera galdu egin du. Nazioarteko begiraleek, ordea, argi utzi dute Kibakiren garaipena irregulartasunez beteta egon dela. Odingak kykuyuak botere politikoa herrialdeko gainontzeko komunitateak baztertzeko erabiltzen ari direla salatu du. Komunitateen arteko liskarrak areagotu dira eta indarkeria piztu da.

Orain nazioarteko komunitateak, bere begiraleen ondorioak baztertuz, hautagaien arteko negoziaketa eskatu du. Zergatik ez hauteskundeak errepikatu edo benetako irabazlea lehendakari izendatu? Keniakoa botere gatazka da eta gatazkaren atzean, arrazoi etnikoez haraindi, nazioarteko komunitatearen esku-hartze tamalgarria dago. Egoera honetan etnikoa den zerbait badago, mendebaldekoek afrikarrekiko dugun jokabidea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo