GARA > Idatzia > Kultura

Ezbeharrei erantzuteko moduez dihardu Nadjariren «Tehilim»-ek

Raphaël Nadjari zuzendari frantsesaren «Tehilim» filma bihartik aurrera izango da ikusgai Hego Euskal Herriko zinema aretoetan. Jerusalemgo familia bat du protagonista. Familiako kideek aitaren desagertzeari nola egiten dioten aurre kontatzen du zinemagileak.

p046_f01_148x084.jpg

Izaskun LABEAGA | BILBO

Aita eta bi semeek auto istripua izan dute. Nagusiena laguntza bila bidali du familia buruak, eta hura ezbeharra gertatu den lekura itzuli denean anaia bakar-bakarrik aurkituko du kotxe barruan. Aitaren arrastorik ez dago inguruan.

Horixe da ``Tehilim'' filmaren abiapuntua. Aitaren desagerpenari familiako kide bakoitzak nola erantzuten dion erakusten du Nadjariren lan berriak: emaztea, bi semeak, aitona eta osaba dira protagonista nagusiak. Bostak eta erlijioa. Sendia judutarra da, Ashkenazien komunitatekoa.

David Erregearen irakaspenei bakoitzak ematen dion irakurketa da ostiral honetan gure artean estreinatuko den filmaren beste giltzetako bat. Besteek ez bezala «zerura» beharrean «lurrera» begiratzen duen pertsonaren papera da amarena.

Tehilim salmo liburua da, David Erregeak idatziak omen diren poema, abesti, ikasgai eta meditazioak biltzen dituena. Hortik izenburua.

Canneseko Jaialdian

Marseillan sortua da Raphaël Nadjari zuzendaria. Egun Paris eta Tel Aviv artean bizi da. Judaismoaren barruan diren komunitate desberdinengana hurbiltzen da behin eta berriz bere kamararekin.

``Tehilim'' Canneseko Zinema Jaialdiko Sail Ofizialean ikusi zen iragan urtean. Michael Moshonov, Limor Goldstein eta Yonathan Alster gaztetxoa dira aktore nagusiak.

Zuzendari eta gidoilaria Bilbon izan zen atzo ``Tehilim'' aurkezten. Esan zuenez, bat-bateko lana egin zuten aktoreek: «askatasun handia eman nien antzezteko orduan». Izan ere, ez zuen tesi jakin bat islatu nahi: «Ez nuen jarrera bat erakutsi gura, hortik ihes egin dut, galderak eginez. Horrexegatik bide eman nion inprobisazioari eta ikusleak bere ondorioak ateratzea da nik nahi dudana», azaldu zuen.

ESTREINALDIA

«Tehilim» 2007ko Cannesko Zinema Jaialdian aurkeztu zuten, Sail Ofizialean. Bihar iritsiko da gure zinema aretoetara Jerusalemgo familia bat protagonista duen filma.

BAT-BATEKOA

Raphaël Nadjari zuzendari eta gidoigileak ez du tesi jakin bat plazaratu nahi izan. Horregatik aktoreek bat-bateko antzezpena egiteko askatasun handia izan dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo