Produkzioa kanpora saltzeagatik zigortu dituzte 14 esne ekoizle
Haserre agertu ziren atzo Baionan, beste behi-esne ekoizleekin batera, beren ekoizpena zuzenean Ultzamako esnegintza enpresa bati saltzea erabaki duten hainbat ustiatzaile. Izan ere, orain arte Berria-Onetik kooperatibari saltzen zieten esnea, baina «kontratua apurtu» dutela esan, eta kooperatibak ez die azaroan bildutako esnea ordaindu nahi.
Arantxa MANTEROLA |
Orain hilabete Nafarroa Garaiko enpresa bati ekoizpena saltzen hasi ziren hainbat behi esne ekoizlek, Sica Esnea-Berria-Onetik taldearen jokaera salatu zuten atzo Baionan. Beren ekoizpena aski ordaintzen ez zietela-eta, esnegile batzuk CLPBn (Cooperative Laitiere du Pays Basque) batu ziren eta Berria-Onetik taldeari esnea saltzeari utzi zioten.
Orain berriz, Makean dagoen esne produkziorako kooperatibara azaroan eramandako esnea ordaindu ordez, Berria-Onetik gutun bana igorri diete hamalau ekoizleei zor dietena baino penalizazio edo zigor handiagoak ezarriz, eta inolako ordainketarik egin gabe. Berria-Onetiken zuzendari Xabier Maurancek bidalitako azalpenetan «kontratua apurtu» izanagatik ezarri die kooperatibak aipatu zigorra.
Kontraturik ez
Alta, esnegileok adierazi dute ez dutela inoiz kontraturik sinatu kooperatibarekin eta, horrenbestez, Berria-Onetikek hartutako neurria «erabat ilegala» dela. «Auzitan jarri nahi bagaitu, jo dezala epaitegira, baina Berria-Onetikek ezin du, bere kabuz, horrelako neurririk hartu eta zor digun dirutik berak erabakitako penalizazioak aplikatu» zehaztu zuen Mixel Etxeberri Aiherrako esne ekoizleak.
Berria-Onetik utzi baino lehen, hainbat eskabide egin zioten kooperatibari prezioen emendatzearen inguruan. Merkatuaren gorabeherak bultzatuta, azken hilabeteetan gehixeago ordaindu dietela aitortu zuten (0,37 euro litroko), baina salneurriei eutsiko dieten bermerik lortu ez zutenez, kanpoan saltzeko hautua egin zuten.
Kontratu sinaturik ezean, esne ekoizleek uste dute ez dutela inolako betebeharrik kooperatibarekiko, baina, hala eta guzti ere, joan aitzin, estatutuak eskuratzea eskatu zioten zuzendariari nolabaiteko baldintzarik bete behar ote zen jakiteko. «Estatutuen kopia ukatu egin ziguten, eta orain Maurancek dio hiru hilabete lehenago jakinarazi behar geniela gure esnea haiei saltzeari utziko geniola», esan zuen Etxeberrik.
Hamalau ekoizleek gaineratu zuten esnegintzako beste kooperatibak utzita, Nafarrora saltzeko ekimenean beraiekin bat egin duten ekoizleek ez dutela inolako arazorik ukan. Hortaz, uste dute gainerako esne ekoizleak izutzeko eta esnearen prezioaren igoera ekiditeko hartu duela Berria-Onetikek jarrera hori.
Bitartean, 14 esne ustiaketatik bizi diren 25 familiek, gorriak ikusi beharko dituzte. Izan ere, hilabeteko esne salmentaren diru kopurua handia da beraientzat. «Urtean izaten dugun irabaziaren parekoa gutxi gorabehera, horrek egoera larrian jartzen gaitu», gehitu zuen Etxeberrik.
Zuzenean saldu
Berria-Onetik-ek eta halako zenbait kooperatibak, Ipar Euskal Herrian jasotako esnea erabiltzen dute beren produktuak egiteko, baina azken hilabeteetan Estatu espainoleko esne produkzioko industrien eskaera asko handitu denez, haiei ere saltzen diete zuzenean eta inolako transformazio lanik egin gabe biltzen duten esnea. Esne ekoizleen esanetan beraiei ordaintzen dieten prezioa baino askoz handiagoan: «Guri Frantzian ezarritako baremoak baliatuta, iaz, tonako 240 euro eman ziguten, eta beraiek 300etik 350eurora bitarte lortzen zuten».
Hamalau ekoizleok hartutako erabakiak ginontzeko ekoizle guztiei eragingo diela uste dute; beraiei ez ezik Ipar Euskal Herriko esnegintzako taldeei esnea saltzen jarraitzen dutenei ere «mesede egin» dietelakoan baitatude, enpresok prezioak berrikustera behartuak izan direlako.
Datorren asteartean Berria-Onetiken zuzendaritzarekin honetaz guztiaz eztabaidatzeko duten bileraren zain geratu gabe, beren abokatuen bidez abian jarri dute jada bide judiziala zor zaiena eskuratu ahal izateko. Salaketa publikoa egitearekin batera, ELB, FDSEA eta JA laborarien sindikatuen babesa eskatu dute hamalau esne ekoizleek.
Esne produkzioko talde handiek ez dute ekoizle taldeekin kontraturik egin nahi. 2008tik aurrera esne produkziorako ekoizleekin banakako kontratuak sinatzeko hautua egin dute enpresa hauek.