GARA > Idatzia > Pilota

Binakako Txapelketa

Otxandorena Aimar Olaizolaren bikotekide izango da estreinaldian

Oier Zearrak eskubia minduta duenez, Mugairikoa izango da Titinen eta Aritz Laskurainen aurka jokatuko duen atzelaria

p043_01_148x100.jpg

Aritz SORZABAL | DONOSTIA

Binakako Txapelketa ez da oraindik hasi; bai, ordea, urtero gertatu ohi den bikote aldaketa sorta. Hain zuzen ere, Oier Zearra eskubiko eskuan minduta dagoenez, Iñaki Otxandorenak bizkaitarraren lekua hartu, eta Aimar Olaizolarekin arituko da txapelketako lehen partidan. Mugairikoa eta Goizuetakoa Titín III eta Aritz Laskurainen aurka arituko dira bihar gauean Donostiako Atano III frontoian.

Norgehiagoka horretarako materiala atzo aukeratu zuten. Titinek biko aurkariak izandako aldaketari garrantzia kendu zion. «Otxandorena Zearraren ordez aritzeak ez digu abantailarik edo kalterik eragiten. Bi atzelariak antzekoak dira, oso ziurrak ezkerrarekin zein eskuinarekin. Batarekin zein bestearekin, partida zaila izango da», adierazi zuen.

Txapelketaren atarian, Lau eta Erdiko txapeldunak oso ondo aurkitzen dela aitortu zuen. «Txapelketa berri baten bezperan, garrantzitsuena da gauzak ondo egiteko prest egotea. Galdu edo irabazi, zeure buruarekin gustura geratzea eta dena ematea kantxan. Sentsazio onak ditut», nabarmendu zuen.

Partidarako materialari dagokionez, Titinek eta Laskurainek 106,4, 105,3 eta 105,1 gramoko pilotak aukeratu zituzten. Aimar Olaizolak eta Otxandorenak, berriz, 104,7 gramoko pilota bat eta 105, 1 gramoko bi banatu zituzten saskitik. «Antzeko materiala aukeratu dugu, pisuari dagokionez, batez ere», azaldu zuen Titinek.

Xala, prest jokatzeko

Atanokoa ez zen atzoko material aukeraketa bakarra izan. Xala-Pascual eta Bengoetxea VI-Patxi Ruiz bikoteek ere aukeratu zituzten pilotak larunbatean Labriteko duten norgehiagorako.

Hernanin jokatu gabe geratu zen, baina Xalak dagoeneko bere eskubiko eskuko arazoaz hobeto dagoela esan zuen. «Atsedena ondo etorri zait eta orain askoz hobeto nago», aipatu zuen Lapurdiko pilotariak. Pacualekin oso ondo moldatzen dela nabarmendu zuen ondoren. «Txapelketa hasteko gogo handia dugu», erantsi zuen Lekuinekoak.

Xalak eta Pascualek 105, 1, 105,9 eta 105,3 gramoko pilotak aukeratu zituzten. Oinatz Bengoetxeak eta Patxi Ruizek, aldiz, 104,2, 104,6 eta 105, 5 gramoko materialarekin geratu ziren. Bi bikoteak pozik geratu ziren, partida hasteko irrikaz.

Atano III eta Labrit

Txapelketako lehen partida bihar jokatuko da Atano III Pilotalekuan. Bigarrena, Iruñeko Labriten izango da, larunbatean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo