GARA > Idatzia > Eibar

Lombrañak Albaceteren aurka joka dezake

Amaia U. LASAGABASTER | EIBAR

Urtea hasteko albiste ona jaso dezake Eibarrek, datorren partidan Txiki Lombraña taldearekin aritzea, hain zuzen.

Bizkaitarrak hainbat egun darama taldearekin batera lan egiten -ostiralean Amaikak Baten aurkako lagunartekoa jokatu ahal izan zuen - eta, hasierako hamaikakoan egongo ez bada ere, Albaceteren aurka azaroan min hartu zuenetik lehen minutuak joka ditzake.

«Epeak betetzen ari gara eta ondo nago -azaldu zuen atzo Lombrañak-. Zazpi aste pasa dira, sentsazio onak ditut eta joan den eguneko partidan ez nuen minik izan». Proba garrantzitsua izan zen Amaikak Baten aurkako norgehiagoka, lagunartekoa izan arren, «sentsazioak neurtzeko baliogarriak dira partida horiek. Ez da ofiziala, baina akzio eta egoera batzuk antzekoak dira eta beldurra kentzeko balio dezakete. Kasu honetan, batez ere, ez bainuen minik izan, eta, ondorioz, oso pozik amaitu nuen», esan zuen.

Erdilariak, hala ere, ez du bere itzulirako data finkorik jarri nahi, «gogo handiz» dagoela onartu arren. «Mediku, entrenatzaile eta hiruron artean erabakiko dugu, baina hainbat egun daramat taldekideekin batera lan egiten, eta, egia esan, jokatzeko sekulako gogoa daukat». Larunbatean izango du grina hori asetzeko aukera.

Mikel Etxabe eta Javi Gurrutxagaren txanda ere laster helduko da, biek bete baitzuten urteko lehen saioa taldekideekin batera. 2007a minduta amaitu zuten Raul Garcia eta Carmelo Yustek, baina ez zuten lan egiteko arazorik izan.

Joan den astean egon ez ziren Euskal Herritik kanpoko jolakariek ere, lanari ekin zioten oraingoan, baina hainbat arazo zirela medio, bost gizon falta izan ziren atzo. Manel eta Martino ez ziren Asturiastik itzuli; Nico Medina datorren astean bueltatuko da Txiletik; Txikik bakarrik lan egin zuen, eta ezin izango da Albaceteren aurka aritu; eta Joseba del Olmo gripeak jota dago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo