GARA > Idatzia > Musika

«Zerbait sentiarazi nahi dugu hitzekin, zerbait iradoki edo eragin»

p056_f01_148x152.jpg

Ines Osinaga eta Osoron

Gose taldeko abeslari eta gitarra-jotzailea

Arrasaten hirukote sortua, trikitixa elektronikarekin nahasi eta harritu egin gintuen Gose taldeak orain urte bi plazaratu zuen azal beltzezko lanarekin. Ordudanik hara eta hona ibili ostean, bide berriak zabaldu eta bigarren lanarekin datoz orain, zuria honakoa. Bidean, Osoronek ordezkatu du Tadeos gitarran eta Baga Biga disko etxeak Oihuka.

Anartz BILBAO | BILBO

Jan eta gose, ezin ase jarraitzen du hirukote arrasatearrak. Orain bi urte jaio eta jada Carlinhos Brown-ekin partekatu du oholtza, gaztetxeetan zein Bartzelonako Apolon jo eta «Eutsi» filmaren soinu bandan parte hartzeraino. Ustekabez betetako bidea, Ines eta Osoronen laguntzarekin gehiago ezagutu nahi izan duguna.

Elektronika gaiztoarekin elkartu duzue gure trikitixa zintzoa.

Ines: Askotan elektronikarekin lotuta dagoen musika gezurrarekin eta hotzarekin lotzen dugu. Hotza, aspergarria eta lineala. Horrekin apurtu nahi izan dugu guk, batez ere zuzenekoetan.

Bi urtetan bizipen zirraragarri asko izan omen dituzue.

I.: Duela bi Durangon atera genuen estreinakoa -hemen denbora Durangotan neurtzen da-. Egunetik egunera izan ditugu ustekabekoak eta aurreikuspen aldaketak. Fangoriarekin joz bukatu genuen aurreko urtea, guk oso gustuko dugun taldea. Gero Carlinhosekin jo genuen, baina niretzat zirraragarriagoa izan zen La Rivieran jotzea.

Bidean Tadeos utzi eta Osoron jaso duzue gitarran.

I.: Bi urtetan ordu eta kilometro asko izan dira. Bizitza aldatu zaigu eta Tadeos aita izan da tarte honetan eta bidean gelditu da. Egitasmoa aurrera doa, baina denok daukagu argi aurrera joango garela norberak bere lehentasuna beste bat dela erabaki arte. Tadeosen agurraren ostean, argi genuen Osoroni esan behar geniola gitarra hartzeko. Ezin genion beste inori esan, Gose ezagutzen duelako eta gure laguna delako. Gainera, Faemino y Cansado-ren imitatzaile ona da, furgonetan 800 kilometroko bidaietan garrantzitsua dena. Prezio berean, ez du gitarra hain txarto jotzen (kar, kar).

Zer gehiago aldatu da bi urte hauetan?

I.: Bi urte, hori da ezberdintasuna. Lehen jaioberriak ginen eta orain dagoeneko ibiltzen ikasi dugu. Gu berdinak gara eta jarraitzen dugu sexuaz hitzak egiten, jarraitzen dugulako larrua jotzen. Eta jarraitzen dugu gauza batzuengatik «jenio txarreko» egoten, ez zaizkigulako gustatzen. Hori bai, lehenengo diskoan poliziaz hitz egitea ahaztu eta orain egin dugu.

Sexua, polizia... hitzetan ere probokazioa?

Osoron: Oso erromantikoa gelditzen da benetan sentitzen dugunaz egiten dugula berba esatea, baina badira gauzak benetan pentsatuta daudenak. Adibidez, ez dugu egingo sekula futbolaz hitzik, ez zaigulako interesatzen. Zerbait esan nahi dugu hitzekin, zerbait sentiarazi, izan nazka zein gustua, haserrea, poza, irribarrea atera hala... «joder, zer esan duzue hor!». Baina zerbait, erreakzio bat bilatu: iradoki edo eragin.

... eta musikari dagokionean?

I.: Musika mailan oso argi daukaguna da Goseren kantu guztietan egon behar duela trikia eta elektronika. Beste guztia askea da, era berean oso leiala dena, baina ez dena batere fidela.

Hirukotearen atzean laguntzaile ugari biltzen du Gosek.

O.: Ulertu behar da oso herri kooperatibo batetik gatozela eta horrek sekulako eragina du (kar, kar). Gainera, kolaborazioen kontuan, ezin da Gose ulertu Shot! estudiorik gabe. Bertan bizi gara eta estudioa laboratorioa da guretzat.

«Irudia guztiz pentsatua da eta zaindu egiten dugu, azpikeriaz »

Mintza gaitezen estetikaz. Itxurak badu bere garrantzia Gosen.

O.: Hoztasunaren aurreiritziak direla eta, musika janzteko orduan oso kontuan du estetika elektronikak: irudiak, musikaren estalgarri legez. Bide garrantzitsua da, beste zentzumen bat delako eta horrela jendeari belarrietatik eta begietatik sartzen zaiolako gure musika.

Baina gurean taldeek ez diote itxurari bereziki erreparatu izan.

I.: Oker zabiltza, mutil. Gurean batez ere, garrantzia handia eman zaio estetikari, ez soilik Goseren kasuan. Ni trikitixarekin fandangoak eta arin arinak jotzen agertu nintzen lehenengoz oholtza gainean, hamabost urterekin, abarkak eta pololoak jantzita. Horregatik, Goseren irudia guztiz pentsatua da eta zaindu egiten dugu, azpikeriaz. Itxurari sekulako garrantzia eman nahi diogu, horrekin jokatu, beste komunikazio arma bat delako. Lagunen batek esanez gero, «bazatoz kontzertu bat ikustera?», ez zoaz soilik kontzertua entzutera, amigo!

Estetika kontu honek diskoaren diseinua eta azala ere kontutan hartzen ditu?

I.: Beltza atera orduko hurrengoa zuria izango zela argi genuen. Diseinu hau aurrekoarekin lehenengo begiradan erlazionatzen da, baina aldi berean guztiz ezberdina da. Bigarrena aurkeztu bezain pronto erabaki genuen hirugarrena zein kolorekoa izango den ere. Gainera, zuritik beltzera ez dago ezer. Zuk ur hotz-hotzetan eskua jarriz gero beroa sentituko duzu. Maitasunetik gorrotora ez dago ezer eta minetik plazerera ere ez.

Punk espiritua gorde duzue.

I.: Gaur, dagoen tresnarik punkiena ordenagailua da, do it yourself. Jo bateria saguarekin, jotzen jakin barik. A. BILBAO

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo