Elena Martínez Rubio Filosofian doktorea
Hutsa zer da?
Nork esango zukeen honen astuna eta orojalea litekeenik hutsa -inoiz geure ezjakintasunean ezgauzatzat eta hutsaltzat hartu bagenuen ere-. Baina ustekabean inguratu zaigu, lepotik heldu eta atzetik besarkatu gaitu, basoko itzal baten antzera, zeinaren jatorriaz ezer ez dakigun, zuhaitz batetik itzuri dena baino -zutik dirauen zuhaitz ihartu, barne-huts bizigabe horretatik, esaterako. Oraintxe askatu baitu, oraintxe utzi baitu gugana joaten, areago, agindua ere eman dio bere ondotik igaro berri diren ibiltariok lehenbailehen atzeman ditzan-.
Eta bertan lotu gara, zuhaitza izandako hori, oraino zuhaitza dena agian, begiak itxita irudikatzeko, adar hautsiek azal zartatuan utzitako aztarnei antzemateko, zomorro beltzez josiriko enbor hustua gogora ekartzeko, non argia sartu ezinean dabilen honezkero.
Honaino jarraitu digu, beraz, hutsaren itzalak, orpoz orpo. Edonora lagunduko digu aurrerantzean. Eta gure indarren neurgailua den bizkartzain bizkarroi horrek, motzean lotuko gaitu hemendik aitzina, bera borrokatzera behartuz, halaber.
«Gu hor gauden bitartean, ez dago herioa; herioa helduko denean ordea, gu ez gara egongo», hitz egin zuen Epikurok, funsgabeko beldurrei aurre egin nahian. Dena den, bestela da kontua, bizitzearen beldur denari itsasten zaiolako heriotz kutsua edonon. Bere baitako hustasunaren eskutik, alegia.
Hutsa zer da? Bularrean haziz joan den ozono-zuloa. Edozein betegarriz berdintzen zaila. Gaixotasun larria bezain ezaguna. Batzuek baliatzen dakitena, hurkoa erakarri eta haien esanera dantzarazteko.
Hortik kanpo hutsunerik ba ote den ala ez jakin nahiak, buruhauste handiak eman dizkie pentsalariei. Ezetz dirudi: hutsarterik «hutsenean» ere uhin, izpi, zatiki, materia zein energia ilunak aurkitu dira-eta. Unibertsoan ez omen da inon erabateko hutsik. Nola izango da, bada, nonbait, berez ez dena? Gurpil zoroa, hizkuntza hau erabiltzen dugun heinean, behintzat. Izatea eta ez-izatea, mugaduna eta mugagabea, nahiz munduaren sorrerari buruzko galderen arlora eramango gaituena. Hau da, armadunekin ezkondu diren zenbait erlijioren aginterri historikora.
Kontuz gero! Hemen ezer ez da ez kaltegabea, ez doakoa. Zenbat eta gaiztoago erlijio-erakundea, zenbat eta arituago gizalegea huts egiten, hainbat eta hitz eder, bakezale eta labanagoak erabiliko. Nahiz eta salbuespen-egoeretan, berehalako ikara eragitea beharrezkoa denean, zakar jokatuko duen ageri-agerian.
Eliza katolikoak 1600ean errearazitako Giordano Bruno dugu, hain zuzen, Antzin Aroko atomisten ikuskera -aipatu Epikurorena barne- beretu eta, besteak beste, hutsaren hipotesiari berriz heldu zion lehena. Erronka ederra Platon eta Aristotelerengandik zetorren pentsamolde zeharo finkatuari. Honen arabera, naturak hutsa saihesten du, dion izuagatik. Horror vacui delakoa ez al zegokion, alabaina, filosofoen barruko debeku bati, hots, ezereza buruan erabiltzeko eragozpenari?
Nolanahi ere, kosmologia berri haren atarian hutsaren beharra zegoen, espazioa eta unibertsoa zabaltze aldera. Zientzialarien saio iraultzaileek laster frogatu zutenez, hutsa badago -non gehiago, non gutxiago, jakina-. Eliza katolikoak berriz, hasieran arriskutsu zeritzona hutsaldu eta orduan ere bere irakaspenekin bateratzea lortu zuen, heriotza mehatxu eta erreketa batzuk gorabehera. Sinesmen kudeatzaile trebea! Eta gure planeta erdigunetik bazterren batera lekualdatua izan zen arren, jainkoaren irudira sortutako gizakiak guztiaren erdi-erdian segitu zuen azkenik.
Hutsa dela-eta, ekarpen berezia egiten dio euskal hizkuntzak filosofiari, Angel Goenagak «Huts: la negatividad vasca» izeneko ikerlanean ongi azaldu zuenez. Izatearen betetasuna zalantzan jarri gabe, itxaropenean ageri den ezusteko arrakala da hutsa. Ernatu ez den hazi bat, mukuru bete ez den ontzia. Burutu gabeko asmoa. Alferrik galdutako ametsa. Ezurtea, akatsa, gabezia. Geure ahalmenen porrota, bete-betekoak ez garenez.
Hala erakusten digute «hutsa»-z osatzen diren hainbat euskal esamoldek eta esapidek: hutsak, zerbait betea izatea espero dugula harrapatzen gaitu. Adibidez, jende asko egon dadin egindako eraikin horietan bizilagun guztiak desagertu direnean. Edo jendea egon eta guztiz ere, giza harremanak hotzak eta motzak gertatzen zaizkigunean. Orduan, beste nonbait bakardadea baizik ez litzatekeena, hutsa baino hutsago egiten zaigu, arroztasun jasangaitza.
«Egunero ezkatatzen da/ nire buruaren puskatxo bat:/ orduz ordu/ ilez ile/ musuz musu/ atzera eroriz amaigabera:/ Zahartzen ez diren bakarrak/ maitea/ nire begiak dira/ zure argiak argitzen dituen bitartean» -non eta hain iheskorra den maiteminaren mende kokatu zuen Yvan Groll poetak hutsaren kontrako bere borrokaldia, «Itzulera unibertsora» olerkian.