GARA > Idatzia > Euskal Herria

Iruzurrei ateak ixteko garaia da Eskolak Euskaldundu-ren ustez

Eskolak Euskaldundu-k uste du mugitzeko eta aldarrikapenak kaleratzeko garaia dela, eta euskal herritar guztiei dei egin die urtarrilaren 25ean Gasteizen eta Iruñean izanen diren mobilizazioetan parte hartzeko. «Eskolak euskaldundu behar du. Iruzurrik ez!» lelodun kanpaina abian da.

p021_f02_097x068.jpg

Maider IANTZI |

Euskal Herrian Euskaraz-eko Azaitz Gartzia, LAB sindikatuko Mari Karmen Urteaga, Sortzen Ikasbatuaz-eko Julen Etxeberria, Ikasle Abertzaleak taldeko Unai Txurruka eta Euskal Herriak Bere Eskola-ko Ibai Redondo prentsaren aitzinean mintzatu ziren atzo, Eskolak Euskaldundu Herri Ekimenaren izenean, egoeraren balorazioa egiteko eta alternatiba bat proposatzeko.

Euren aburuz, proposamen serio batek gutxieneko hauek bildu beharko lituzke: eredu bakarra eta euskalduna izango da, D ereduaren parekoa gutxienez; hezkuntzako langile guztiak euskaldunak izatea -irakasleez gain, atezainak, sukaldariak eta bertze beharginak ere bai- lortuko da euskalduntzeko planak eraginkortuta, langile berriak euskaldunak izatea bermatuta eta irakasle eskoletatik erdal adarrak kenduta; eta euskalduntzen ez duten ereduan hasi diren ikasleentzat neurri zuzentzaileak aplikatuko dira.

Gainera, behin lege bat aplikatuta etengabe ebaluatuko da akatsak zuzentzeko; ikasgela bakoitzeko ikasle gutxiago egongo da eta parte-hartzea bultzatuko da; eskolaz kanpoko aisialdi ekintzak, heziketari lotutakoak, euskaraz izan daitezen eskaintza bermatuko da, kirol jardueretan errate baterako; euskara, gure herriko berezko hizkuntza izanik, kulturari eta nortasunari atxikita ikasiko da, Euskal Curriculuma aplikatuta. Eta, bukatzeko, legea Euskal Herri osorako baliagarria izango da eta garatzeko baliabide egokiak eskainiko dira.

Garaiaren irakurketa

Atzo komunikabideekin bildu ziren eragileek urteak eman dituzte Euskal Herria eta eskolak euskalduntzeko lanean: ikastetxez ikastetxe belaunaldi berriak euskalduntzen, euskaltegietan helduak euskalduntzen eta alfabetatzen, herriz herri lanean eta mobilizatzen. Hori izan da euren konpromisoa, baita bidelagun izan dituzten dozenaka mila herritarrena ere.

Ahaleginak ahalegin, oraindik egiteko anitz dagoela ikusten dute eskolak Euskal Herriko haur guztiak euskaldundu ditzan, Derrigorrezko Hezkuntza bukatzean, 16 urteko gazte guztiak euskaldun izan daitezen. Jakin badakite eurek bakarrik ezin dutela helburu hori lortu eta legeak alde behar dituztela izan.

«Euskaldunduko duen hezkuntza sistema izateko orain arteko legeek porrot egin dute, legeak abian jarri dituzten instituzioek egin dute porrot: Vascuencearen legeak, Euskararen Legeak, eta babes legalik ezak Euskal Herriko ikasleen %65ak gaur egun euskaraz ez jakitea eragin du», hausnartu zuen Euskal Herriak Bere Eskola ekimeneko bozeramaile Ibai Redondok. Bere erranean, hizkuntza ereduen politikek euskalduntzea oztopatu eta ezinezko egin dute. «Euskarak Euskal Herri osoan ofizialtasuna behar du. Lege honek ikastetxeetan ere bere eragina izan behar du, euskaldunduko duen hezkuntza sistema, Hezkuntza Sistema Nazionala, lortzeko bidean pauso handia litzatekeena».

Adi onartuko duten dekretuari

EHBEko kideak jakinarazi zuen azken hilabete eta egunetan proposamen berriak egosten ari direla hainbat instituziotako sukaldeetan. Horren harira, proposamen berriak beharrezkoak direla baieztatu zuen. Ohartarazpen bat ere egin zuen, ordea: «Ezin dituzte azken urteotako akatsak errepikatu, orain da garaia proposamen serioak egiteko eta orain da garaia iruzurren aukerei ate guztiak ixteko».

Hain zuzen ere, arrazoi horrexegatik bildu ziren atzo EHE, LAB, Sortzen Ikasbatuaz, IA eta EHBE taldeetako lagunak: «Euskararen Erakunde Publikoari, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari beste iruzurrik ez egiteko eskatzeko, eskolak euskalduntzea bermatuko ez duen proposamenik ez dugula onartuko esateko». Gizarteari, berriz, adi egoteko deia egin zieten hurrengo asteetan hezkuntzan aplikatu beharreko hizkuntza politikari buruzko dekretua onartu nahi duelako Gasteizko Legebiltzarrak. «Gauzak konpontzen hasi edo beste iruzur bat egin, horra aukerak».

Instituzioek ikasturte honetan hartu dituzten erabaki «larri» batzuk ere salatu zituzten, «gaur egungo hizkuntza eta hezkuntza eskubideen zapalketa bidegabean sakontzen duten erabakiak». Nafarroan, erraterako, gaztelania-ingeleseko haur eskola berriak ireki dituzte eta «British eredua» ezarri dute lehen hezkuntzako hainbat ikastetxetan. Probintzia horretan bost ikasletik bakarra euskalduntzen du eskolak (%21) eta, gainera, lurraldearen hegoaldean ez dago eskola publikoan euskaraz ikasterik. Eskolak Euskaldundu-ko kideek salatu zutenez, horrelako erabakiek eta «Vascuencearen Institutuak euskararen ofizialtasuna lortzeari uko egiteak» hizkuntzaren berreskurapena ezinezko egiten dute Nafarroan. Arabari, Bizkaiari eta Gipuzkoari dagokienez, Lakuako Gobernuak irakasle erdaldunak sisteman sartuko dituen lan eskaintza publikoa egin du ekainerako. Herri ekimenak kritikatu zuenez, irakasle erdaldunak sobera daude eta, hala ere, erdaldun elebakarrak kontratatzen dituzte eta gaztelaniazko lerroei eusten diete.

ofizialtasunari uko

Euskararen Erakunde Publikoak Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa eskualdeetarako Euskara Plangintza egin du eta haren bidez ofizialtasunari uko egin dio, Eskolak Euskaldundu-k salatu duenez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo