GARA > Idatzia > Pilota

Binakako Txapelketa

Zearra osatuta, Otxandorenak Beloki ordezkatuko du orain

Lehen jardunaldian bizkaitarraren ordez jokatu zuen atzelariak Burlatakoaren lekua beteko du igandean Astelenan. Galdakaoko pilotaria, berriz, larunbatean arituko da estreinakoz Labriten. «Gaur kontu handiarekin ibili naiz, baina uste dut topera egongo naizela», adierazi zuen atzoko material aukeraketan.

Aritz SORZABAL | DONOSTIA

«Proba txiki bat egin dut, nahiko gustura gelditu naiz, eta larunbatean jokatuko dut». Labriten egindako material aukeraketaren ostean, Oier Zearrak hitz hauekin berretsi zuen Aimar Olaizolaren bikotekide izango dela Gonzalezen eta Barriolaren kontrako partidan.

Lehenengo jardunaldian bizkaitarraren ordez aritutako Iñaki Otxandorenak, hala ere, jokatzen jarraituko du. Izan ere, Ruben Beloki, eskua minduta duenez, Burlatakoaren ordez arituko baita igandean Eibarko Astelenan. Asier Olaizola lagun duela, Xala eta Pascualen aurka jokatuko du.

Zearrak azaldu zuen atzokoa izan zela bere lehen entrenamendu serioa, baina prest ikusi zuen bere burua. «Gaur kontu apur batekin ibili naiz, baina uste dut larunbaterako topera egongo naizela. Garaipenak asko balio du. Ea lehenengo puntua eskuratzen dugun», nabarmendu zuen.

Bestalde, Iruñean aurkari izango duen Sebastien Gonzalez gogotsu azaldu zen. «Igandeko partida ikusita, argi dago lehenen minututik indartsu kantxaratu behar dugula. Ni oso gaizki hasi nintzen. Lagundu baino gehiago, traba egin nion Abeli», aitortu zuen Azkainekoak.

Pilotei dagokienez, Aimar Olaizolak eta Zearrak pilota «indartsuagoak» aukeratu zituzten, lapurtarraren ustez. «Sake luzeak egiteko eta Aimarren erremaatea aprobetxatzeko aukeratuko zituzten, uste dut», erantsi zuen.

Irunen hasiko da jardunaldia

Era berean, Irungo Uranzu pilotalekuan biharko lehiarako material aukeraketa egin zen. Titinek eta Laskurainek behetik ibiltzen diren pilotak aukeratu zituzten. Koka eta Begino, ordea, frontisetik gehiago irteten diren pilotekin geratu ziren, biziagoekin. Laskurainek ez zion garrantzi handiegirik eman lehen jardunaldian egindako partida bikainari. «Ondorioak bukaeran atera behar dira», esan zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo