GARA > Idatzia > Musika

Hiru «R»-rekin

 

Txuma Murugarren Musikoa

Autoan nindoala entzun nuen lehenbiziko aldiz Pettiren musika. Bera herriaz mintzatzen zen kantu bat abesten ari zen. Bere lehenbiziko diskoaren lehenbiziko singlea zen. Urteak dira. Erakargarri egin zitzaidan lehenengo mementotik. Autoak eskaintzen duen intimitate horretan gordea, Pettiren musikaren harira zenbait irudi eraiki zitzaizkidan barruan. Zakur bat zaunkaka gaueko ordu txikitan, adibidez, kantu horretan dauden irudi indartsuenetako bat. Halaxe ikusten dut nik Petti. Lehenengo entzunaldi horretan jasotako inpresioarekin. Sentimenduak bere musikaren sare trinkoan harrapatzen duen animalia deslaiaren modura, alegia. Bere ahots sendo eta biribilarekin. Ezagutu Orion ezagutu nuen, kontzertu txiki batean. Ezagutu eta nirekin jo zuen kantu bat. Handik gutxira Deustun jo behar zuen berak, eta hara joan nintzen. Bakarrik agertu zen eta gitarra eta ahotsa nahikoa izan ziren jendea dar-dar uzteko, sentimenduaren mintza erabat urraturik. Askotan egon gara elkarrekin gerora. Lan ere lan egin dugu batera zenbait proiektutan. Eta beti izan da atsegina eta eskuzabala. Musikari bezala, ezagutzen duzue, zer esango dut nik. «On» diskoan erakutsi ditu dituen dohain gehienak, ez denak, hurrengo diskoan, orain arte egin duen bezala, hazten jarraituko duelako. Zintzotasuna da, oroz gain, Pettiren ezaugarria, eta indarra, bai, indarrra, hiru «r»-z. Urte askotarako, Petti.

* Murugarrenek eta Pettik elkarrekin joko dute gaur 22..00etan Kafe Antzokian (Bilbo).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo